Wikipedia, Entziklopedia askea

Bibiparo

Behor bat bere moxalarekin.

Bibiparoak amaren sabeletik jaiotzen diren animaliak dira. Animalia bibiparoen enbrioiak edo umekiak emearen sabel barruko umetokian garatzen dira, eta bertan jasotzen dituzte garatu ahal izateko behar dituzten elikagaiak eta oxigenoa, jaiotzen diren arte.

Ia ugaztun guztiak dira bibiparoak.

Ugaztun gehienekin batera, zenbait narrasti, arrain eta anfibio ere bibiparoak dira.

Bibiparoen ernaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki bizidun baten enbrioia garatzen denetik jaiotzen den arteko denbora-tarteari ernaldia deitzen zaio; gizakien kasuan, haurdunaldi hitza ere erabiltzen dugu.

Bibiparoen kasuan, espezie bakoitzaren ernaldiak denbora desberdina irauten du, normalean animaliaren tamainaren arabera. Adibidez, elefanteen ernaldiak 22/24 hilabete irauten du, gizakion ernaldiak 9 hilabete, baina saguenak 20 egun inguru besterik ez du irauten.

Era berean, umaldi bakoitzean izan dezaketen ume kopurua ere desberdina izaten da espezie bibiparo batetik bestera. Gizakien kasuan, emeek normalean ume bakarra izaten dute umaldi bakoitzean, baina batzuetan ume gehiago ere izaten dituzte; bikiak, adibidez, eta askoz kasu gutxiagotan jaiotzen dira hiru ume edo gehiago. Saguek, aldiz, erraz izaten dituzte 8 ume edo gehiago sabelaldi bakoitzean.

Kanguru eme bat, eta kumea martsupioan.

Ugaztun gehienak plazenta izeneko organoaren barruan hazten dira; umekia biltzen duen mintz moduko bat da, umekiak bizirik irauteko eta organoak garatzeko beharrezkoak diren mantenugaiak eta oxigenoa ematen dizkiona, jaio arte.

Dena dela, badira ugaztun batzuk plazentarik ez dutenak, Kanguruak eta Koalak, adibidez Jaiotzen direnean, oso ahul eta txikiak izaten dira, eta ez dira erabat garatuta egoten; horregatik, amaren sabeletik irteten direnean, amak sabelaren kanpoaldean duen martsupio izeneko poltsa moduko batera sartzen dira. Bertan daude emearen titiak, eta haietatik ateratzen dute kumeek garatzen jarraitzeko behar duten esnea. Azkenik, behar bezain handi eta indartsuak direnean, martsupiotik kanpora ateratzen dira. Animalia mota honi martsupialak deitzen zaie.