Biomasa hitza ulertzeko bi modu daude:
Ekologian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ekologian, biomasak ekosistema batean dagoen materia biziaren kantitatea da, hau da, landareak, animaliak, intsektuak, onddoak eta mikroorganismoak.
Espezie bakar baten edo espezie guztien kantitatea adierazteko erabiltzen da. Horrela, izaki bizidun horiek horiek eremu edo ingurune jakin batean (baso edo ozeano batean, adibidez) duten pisu moduan neurtzen da: metro karratu bakoitzeko zenbat kilogramo (kg/m²) edo hektarea bakoitzeko zenbat tona (t/ha) dagoen adieraziz ematen da neurri hori.
Adibidez, neurketa batzuen arabera, Bizkaiko golkoan 2024an egindako ikerlan baten arabera, antxoaren biomasa 143.000 tonakoa zela ikusi zen. Horrek esan nahi du, espezie horretako ale guzti-guztiak hartuz gero, haien pisua horixe izango litzatekeela.
Zergatik da garrantzitsua?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekosistema bateko biomasa ezagutzea funtsezkoa da ekosistema horretan zenbat izaki bizidun dauden esaten digulako. Horrela, jakin dezakegu espezie hori edo espezie horiek egoera onean ala txarrean dauden, haien bilakaera aztertuz. Arrainen kasuarekin jarraituz, ikertzaileek egindako neurketetan ikusten bada espezie horren biomasa asko gutxituko dela, horrek esan nahi du espezie horren arrantza mugatu beharko dela, espeziea desagertzea nahi ez badugu. Aldiz, ingurune bateko biomasa goraka badoa, horrek esan nahi du ingurune hori osasun-egoera onean dagoela segur aski.
Jakina, biomasaren kantitatea asko aldatzen da ekosistema batetik bestera. Adibidez, baso tropikalek biomasa oso handia dute, zuhaitz eta landare asko baitituzte; basamortuek, berriz, biomasa txikia dute, bertan ur eta landaredi gutxi dagoelako. Ozeanoetan biomasa osoa izugarri handia den arren, ur kantitate handietan dago banatuta, horregatik, kontzentrazioa txikia izan daiteke.
Erregaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biomasa materia organikoetatik (landareak, nekazaritza-hondarrak, zura, algak edota animalia-hondakinak) eskuratzen den energia berriztagarri mota bat da. Material hauek Eguzkitik datorren energia daukate barruan, izan ere, landareek fotosintesian xurgatzen dute hazteko. Biomasa erretzen edo prozesatzen denean, energia hori bero, elektrizitate edo erregai moduan askatzen du.
Nola erabiltzen da biomasa-erregaia?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biomasa hainbat modutan erabiltzen da erregai gisa:
- Biomasa (zura edo nekazaritza-hondarrak, esaterako) zuzenean erre daiteke beroa sortzeko. Metodo hau mendeetan zehar erabili da, adibidez, tximinietan edo egur-berogailuetan.
- Zentral elektriko espezializatuetan, biomasa erre egiten da ura berotzeko eta lurruna sortzeko.
- Biomasa mota batzuk (artoa edo azukre-kanabera adibidez) erregai likido bihur daitezke; etanola edo biodiesela, adibidez, biomasatik atera eta autoetan erabiltzen diren erregaiak dira.
- Hondakin organikoak (janari hondarrak edo simaurra adibidez), digestio anaerobikoa izeneko prozesu batean deskonposatu daitezke. Prozesu honek biogasa sortzen du, metano eta karbono dioxidoaren arteko nahaste bat da eta oso erabilgarria da energia sortzeko.
Biomasaren abantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Berriztagarria da: erregai fosilak ez bezala, biomasa etengabe berritu egin daiteke landare-hazkuntzari eta hondakinen kudeaketari esker.
- Hondakinak murrizten ditu: zabor bihur daitezkeen materialak erabiltzen ditu eta horrela, kutsadura murrizten laguntzen du.
- Ingurunean gutxiago eragiten du: biomasa erretzean, karbono-dioxidoa askatzen du, baina biomasa sortzeko landatzen diren landareek gas hau xurgatzen dute haien hazkuntza-prozesuan, ziklo orekatu bat da.
Biomasaren arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Biomasa lortzeko landareak landatzeak ondorio txarrak eduki ditzake ekosistema naturaletan edo elikagaien produkzioan.
- Erregai fosilak baino garbiagoa den arren, biomasaren errekuntzak gai kutsagarriak askatzen ditu.
- Biomasa jaso, garraiatu eta gordetzea garestia eta zaila izan daiteke.