Cro-Magnon izena Europan gure aroa baino 40.000-10.000 urte lehenago bizi izan ziren historiaurreko gizakiak izendatzeko erabiltzen da.
Lehen hondakinak 1868an aurkitu ziren Dordoinako (Frantzia) haitzulo batean. Okzitanieraz “Cro” hitzak hutsunea edo barrunbea esan nahi du, eta “Magnon” aurkikuntzaren lur-jabearen izena da: M. Magnon.
Historiaurreko beste gizaki batzuk ez bezala, Cro-Magnon gizakia gure Homo sapiens espezie berekoa da: gure historiaurreko arbasoen taldea da. Gizaki modernoaren nahiko antza du, eta, horregatik, "Cro-Magnon gizakia" deitura ez da ia erabiltzen zientzia-lanetan. Homo sapiens sapiens, Cro-Magnon eta Homo sapiens gauza bera dira.
Nola bizi ziren?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cro-magnonak ehiztari onak ziren, eta bildutako frutak, baiak, fruitu lehorrak, haziak eta sustraiak ere jaten zituzten. Arrainak ere arrantzatzen zituzten lantza, arku eta gezi, sare eta amuekin. Batzuek kanoak eta baltsak eraiki zituzten ur sakonagoetan barneratu eta arrain handiagoak harrapatzeko. Badakigu horietako asko luzaroan bizi izan zirela, janari eta babesleku ugari zituztelako.
Ehiztariek animalia-taldeei segitzen zieten, oreinei batez ere, baina mamutak eta sable horzdun tigreak ere ehizatzen zituzten. Harrizko puntadun arkuak, geziak, lantzak, labanak eta aizkorak erabiltzen zituzten, eta tranpak eta zuloak egiten zituzten animaliak harrapatzeko. Haragia ketzen eta kontserbatzen ikasi zuten, negu luze eta hotzetan elikatzeko. Udan, aldiz, animalia-taldeei jarraitzen zieten eta ehizatu egiten zuten. Neguan kanpamentuetara itzultzen ziren.
Cro-Magnonek bi etxe mota ezberdin eraikitzen zituzten. Udan, animalia-taldeen atzetik zebiltzala, larruz egindako kanpadendetan bizi ziren, erraz gorde eta berriz eraikitzeko. Neguan, aldiz, txabola handiago eta iraunkorragoetan bizi ziren.
Udako kanpadendak erraz eraikitzen ziren, bi zuhaitzen artean zintzilikatuz, edo animalien larru onduekin lotutako makila batzuk estaliz.
Neguko txabolak leku iraunkorrean egoten ziren eta askoz eraikin sendoagoak ziren. Familia bat bizitzeko bezain zabalak ziren. Larru onduekin ere egiten ziren; horiek josi eta lurrean egindako zuloetan jartzen ziren enborrez inguratzen ziren. Goialdean irekidura bat zuten kea irteteko, eta behealdean harri edo lurrez tinkatzen ziren, ekaitza zegoenean haizeak ez eramateko.
Neguan eta klima hotzeneko lekuetan, Cro-Magnongo gizakiak animalien larruz egindako arropa egiten ikasi zuen. Udan eta klima beroenetan, belarrez edo zuhaitz-azalez egiten zuen arropa. Cro-Magnongo gizakiak animalien maskorrez, hezurrez eta hortzez egindako bitxiak erabiltzen zituen. Batzuetan, gorputza tindatzen edota tatuatzen zuen.