Wikipedia, Entziklopedia askea
Smilodon baten ustezko itxura.

Sable horzdun tigrea iraungitako espezie bat da, felidoen familiakoa, Pleistozeno garaian (duela 8.000 urte ingurura arte) bizi izan zena. Zientzia izena Smilodon fatalis du.

Dinosauroak desagertu eta urte asko geroago, sable horzdun tigreak bilakatu ziren harrapari nagusiak historiaurrean. Ugaztun hauen izenak haien hortz luze kurbatuetatik datoz, letagin luzeetatik, hain zuzen, sable izeneko ezpaten antz pixka bat dutelako. Felidoen familiakoak izanda, sable horzdun tigre guztiak eta gaur egungo katuak urruneko ahaideak direla esan daiteke.

Non bizi ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sable horzdun tigreak Oligozeno izeneko garaian agertu ziren lehen aldiz, duela 34 milioi urte inguru hasi zen garaian. Hasieran Ipar Amerikan bizi ziren, eta gero, dirudienez, Hego Amerikara zabaldu ziren. Badirudi familia bereko espezie batzuk Eurasian ere bizi izan zirela,eta duela 1,6 milioi urte inguru desagertu zirela. Aldiz, Hego eta Ipar Amerikan, orain dela 10.000 mila urte ingurura arte iraun zuten. Sable horzdun tigreak zelai irekietan eta lautadetan bizi ziren normalean.

Sable horzdun tigrearen fosilak animalia hauek bizi izan diren kontinente guztietan topatu dira, baina gehienak Kalifornian aurkitu dira; Los Angeles ondoan dagoen La Brea Tar Pits izeneko galipot-putzu batean, Smilodon tigrearen hezur ugari aurkitu dituzte, eta horren ondorioz, Kaliforniako estatuak sable horzdun tigrea hartu du fosil ofizial gisa.

Nolakoak ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Smilodon baten tamaina konparatua.

Smilodona gaur egungo lehoi bat baino baxuagoa zen, baina indartsuagoa. Hanka motzak zituen, baina atzapar oso handiak zituen; luzatzen zituenean, luze eta zorrotzak ziren. Smilodonak beste sable horzdun tigreak baino buztan motzagoak zituen, gaur egungo katamotzen antzera. Hezurrak baino ez direnez geratzen, ez dakigu nolako larrua zuten.

Smilodonek oso gihar sendoak zituzten lepoan eta sorbaldan; horri esker, errazago mugitzen zituzten beraien goiko letaginak, koska egiterakoan; izan ere, hortz horiek 20 zentimetro luze izatera iristen ziren batzuetan. Letaginak, alboetatik, zerra baten moduko itxura zuten, harrapakinen haragia errazago ebakitzeko. Smilodonen baraila edo matrail boteretsuak 90 ° edo gehiagoko angelu oso zabal batean ireki zitezkeen, goiko letaginak erasoetan ateratzeko. Atzeko haginak ere zorrotzak ziren, baina ez leunak, haragia hobeto ebakitzeko.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sable horzdun tigreak haragijaleak ziren. Gehienetan, poliki mugitzen ziren harrapakin handiak ehizatzen zituzten. Seguruenik, mastodonteak ziren haien harrapakinik ohikoenak, garai beraren inguruan desagertu zirenak; baina mamutak eta bisonteak ere ehizatzen zituzten.

Belardi altuetan ezkutatzen ziren bitartean zelatatzen zituzten haien harrapakinak. Biktima bat gerturatzen zenean, tigreak salto egin eta zauri sakonak egiten zizkien hortzekin. Hori egin eta gero, harrapakina odolustu arte itxaroten zuen.