Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espainiako biztanleriaren adin-banaketa 2010ean; biztanleria zahartzen ari dela erakusten du.

Demografia biztanleriaren egitura, bilakaera eta ezaugarri nagusiak aztertzen dituen zientzia da. Herrialde edo nazioetan zenbat jende bizi den, zenbatek emigratu duen eta adinaren arabera nola banatzen diren jakin ahal dugu. Esate baterako, demografiak honako ezaugarri hauek jorratzen ditu: egoera zibila, jaioterria, nazionalitatea edo ezaugarri ekonomikoak, besteak beste.

Ibn Jaldun (1332-1406) izeneko estatu-politikari eta soziologo arabiarra hartzen da demografiaren arloko aitzindaritzat. Hura izan zen biztanleriak aztertzeko informazioa biltzen hasi zena eta estatistika horietatik abiatuta datu berriak atera zituena. Geroago, John Graunt (1620-1674) eta Thomas Malthus (1766–1834) britainiarrek ere ekarpen handiak egin zizkioten demografiaren garapenari.

Demografia zertarako da?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografiaren bitartez, leku bateko biztanleriaren bilakaera edo eboluzioari lotuta dauden prozesuak ezagutu ditzakegu. Adibidez, ugalkortasuna edo jaiotza-tasa eta heriotza-tasa kontzeptuak oso argigarriak dira biztanleriaren bilakaera ulertzeko.

- Ugalkortasun-tasak emakume ugalkor bakoitzari batez beste dagokion seme-alaba kopurua adierazten du; gizatalde batek zenbat ume dituen jakiteko balio izaten du.

- Jaiotza-tasak herrialde jakin batean urtebetean mila biztanleko zenbat haur jaio diren adierazten du.

- Heriotza-tasak lurralde edo gizarte talde batean denbora-bitarte jakin batean zenbat pertsona hil diren esaten digu.

Iturri demografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Une konkretu bateko biztanleria jakiteko, bi era edo iturri demografiko daude:

- Zentsua: zentsua hamar urtean behin egiten da eta Estatuko gobernuaren ardura da.

- Errolda: udalaren ardura da eta bost urtean behin egiten da. Inkesta baten bitartez biltzen dira datu horiek. Gaur egun, ordenagailuak direla eta, herri bakoitzean une bakoitzean erroldatua dagoen biztanleria ezagutu daiteke (errolda begiratuz gero). Zentsuak, ordea, momentu horretan erroldan daudenak (bertan edo kanpoan egon) eta erroldan egon gabe bertan bizi direnak hartzen ditu kontutan.

Azkenaldiko fenomeno garrantzitsua biztanleriaren zahartzea da. Alde batetik, jaiotzak gutxitu direlako, eta gero eta adin nagusiko jende gehiago dagoelako (batez ere lurralde aurreratuetan). Lehen oso zaila zen zahartzarora heltzea, gaur egun ordea ez. XVII. mendean biztanleen % 20 heltzen zen 60 urte izatera, eta % 3, 80 urte izatera. Gaur egun, 60 urte izatera, % 90 iristen da eta 90 urte izatera, % 45.