Heriotza-tasa kontzeptu garrantzitsu bat da demografian, hau da, gizarteak nolakoak diren aztertzen dituen zientzian. Kontzeptu horren bitartez, lurralde jakin bateko pertsonak zer neurritan hiltzen diren adierazten da.
Beste nolabait esanda, heriotza-tasaz neurtzen da zenbat pertsona hil diren lurralde edo gizartearen multzo batean denbora-bitarte jakin batean. Adibidez, esaten bada Euskadiko heriotza-tasa ‰ 3,5koa izan zela 2004an, horrek esan nahi du 1.000 pertsonatatik 3,5 hil zirela batez beste urte horretan.
Heriotza-tasa berebiziko faktorea da herrialde baten eboluzioan; izan ere, biztanleriaren tamaina, batez besteko adina eta konposizioa aldatzen ditu.
Normalean, heriotza-tasa orokorra erabiltzen da, hau da, 1.000 pertsonatatik zenbat hil diren eskualde eta denbora-bitarte jakin batean. Edonola, badaude beste heriotza-tasa zehatzago batzuk, esaterako, umeen heriotza-tasa: kasu honetan, aditzera ematen da urtebete baino gutxiagoko zenbat ume hil diren urte bakar batean bizirik jaiotako 1.000 umetatik.
Zerk du eragina heriotza-tasan?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat faktorek dute eragina heriotza-tasan, adibidez, biztanleen adinak, osasunak, bizi-kalitateak eta medikuarenera joateko aukerarik duten ala ez. Esaterako, adineko jendeak heriotza-tasa altuagoa izan ohi du, maizago izaten dituelako gaixotasun kronikoak eta adin horietan gorputzak indar gutxiago izaten duelako gaixotasunei aurre egiteko. Medikuarenera joateko aukera mugatua dutenek ere heriotza-tasa altuagoa izaten dute, ezin dituztelako gaixotasunak eta lesioak behar bezala tratatu.
Norbanakoen ezaugarrietatik haratago, ingurumenaren eta gizartearen ezaugarriek ere eragina dute heriotza-tasan. Esate baterako, airearen eta uraren kalitateak, eskolara joateko aukerak eta baliabide ekonomikoek eragin zuzena dute heriotza-tasan, baita lantoki eta bizitokietako segurtasunak ere. Adibidez, aire kutsatua arnastu edo ur kutsatua edanez gero, handiagoa da arnas-aparatuko edo bihotzeko gaixotasunak izateko aukera, eta hortaz, heriotza-tasa altuagoa bilakatu daiteke.
Nolako eragina du heriotza-tasak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontuan hartu behar da heriotza-tasak eragin ezberdina izan dezakeela eskualde batean edo bestean. Esaterako, biztanleriaren gehiengoa zaharra den herrialdeetan heriotza-tasa baxua bada, arazoak egon litezke langile gutxiegi edukitzeagatik eta pertsona zaharrei pentsio-laguntzak emateko nahikoa diru ez edukitzeagatik. Biztanleria hazten ari den herrialdeetan, ordea, heriotza-tasa altua bada bestelako arazoak agertu daitezke, batez ere, baliabide natural gutxiegi eta oinarrizko zerbitzu gutxiegi izateagatik.
Demografian, heriotza-tasa beste kontzeptu batzuekin alderatuta aztertzen da, esaterako Ugalkortasun-tasarekin eta migrazio-tasarekin. Hainbat tasa elkarrekin aztertuta, ikertzaileek errazago ulertu dezakete nola hazten eta aldatzen den biztanleria eta horrek zelako eragina duen gizartean.