Wikipedia, Entziklopedia askea

Ugalkortasun

Eduki-taula

Munduko ugalkortasunaren mapa, 2023an. Gorrian, ugalkortasun-tasa handiko herrialdeak; urdinean, tasa baxukoak.

Ugalkortasun kontzeptua, demografian erabiltzen denean, gizatalde batek umeak izateko duen gaitasunaz mintzatzeko erabiltzen da. Normalean, Ugalkortasun-tasa erabiltzen da ugalkortasuna neurtzeko, hau da, lurralde jakin bateko emakumeek zenbat ume edukitzen dituzten, batez beste, ugalkor diren bitartean.

Ugalkortasunak eragin handia dauka gizataldeen hazkundean eta garapenean. Ugalkortasun-tasa altua baldin bada, ume gehiago jaio delako da, eta, hortaz, jende gehiago egongo da gizataldean. Alderantziz, ugalkortasun-tasa baxua denean, segur aski jende gutxiago egongo da gizataldean.

Hainbat arrazoik baldintzatzen dute ugalkortasun-tasa, direla biologikoek, direla sozialek. Hauek dira ugalkortasunean eragina duten arrazoi biologikoetako batzuk: emakumeen adina, ugalketa-osasuna eta genetika bera ere. Horren adibide, emakume edadetuetan baxuagoa izan ohi da ugalkortasun-tasa, obuluak kalitate baxuagokoak izaten direlako eta, oro har, ez direlako horren ugalkorrak. Baina emakume batzuek, ordea, ugalkortasun-tasa altuagoa dute, genetika- eta osasun-kontuengatik.

Esan bezala, arrazoi biologikoez gain, arrazoi sozial eta kulturalek ere baldintzatzen dute ugalkortasuna. Arrazoi horien artean, honakoak daude: biztanleek behar bezalako osasun-arreta, hezkuntza eta baliabide ekonomikoak dituzten ala ez, eta baita familiaren eta ugalkortasunaren gaineko zein uste eta usadio dituzten ere. Esaterako, kultura batzuetan, emakumeei zailagoa gertatzen zaie hezkuntza jasotzea eta baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta horregatik zailagoa dute beren ugalkortasunaren jabe izatea, alegia, umeak izan nahi dituzten kontrolatzea. Kulturaren arabera ere, presio sozial eta kultural handia dago umeak adin jakin batean edo bizi-garai batean edukitzeko, eta horrek, noski, eragina du ugalkortasun-tasan.

Kontuan hartu behar da ugalkortasun-tasak eragin ezberdina izan dezakeela eskualde batean edo bestean. Esaterako, biztanleriaren gehiengoa zaharra den herrialdeetan ugalkortasun-tasa baxua bada, arazoak egon litezke langile gutxiegi edukitzeagatik eta pertsona zaharrei pentsio-laguntzak emateko nahikoa diru ez edukitzeagatik. Biztanleria hazten ari den herrialdeetan, ordea, ugalkortasun-tasa altua bada bestelako arazoak agertu daitezke, batez ere, baliabide natural gutxiegi eta oinarrizko zerbitzu gutxiegi izateagatik.

Demografian, ugalkortasuna beste kontzeptu batzuekin alderatuta aztertzen da, esaterako heriotza- eta migrazio-tasarekin. Hainbat tasa elkarrekin aztertuta, ikertzaileek errazago ulertu dezakete nola hazten eta aldatzen den biztanleria eta horrek zelako eragina duen gizartean.