Wikipedia, Entziklopedia askea

Dentsitate (fisika)

Dentsitate desberdinei buruzko esperimentua eskolan

Dentsitatea substantzien propietate fisiko bat da, substantzia jakin baten masaren eta bolumenaren arteko erlazioa adierazten duena. Beste modu batera esanda, dentsitateak espazio jakin batean substantzia baten zer kantitate dagoen adierazten du.

Adibidez, pentsatu kaxa handi bat eta kaxa txiki bat dituzula. Kaxa handia ogi apurrez bete ostean, ogi apur horiek berak lehengoaren erdia den kaxa batean sartu behar dituzu. Orduan, kaxa txikian ogi apur kantitate bera sartzeko, apurrak zanpatu egin beharko dituzu kaxa horretan kabitu arte. Horrela, kaxa txikiko apurrek kaxa handian zeudenean baino dentsitate handiagoa dute orain, zanpatu ostean, apur kantitatea lehengo bera den arren.

Beste adibide bat: neurri bereko (hau da, bolumen bereko) bi bloke ditugu, bat berunezkoa eta bestea zurezkoa. Berunezko blokeak zurezkoak baino askoz ere pisu handiagoa du, berunaren dentsitatea zurarena baino handiagoa delako; hau da, bolumen bera izanda, masa handiagoa du.

Likidoek ere badute dentsitatea. Ur eta alkohol masa bera izateko, alkohol bolumen handiagoa behar da, alkoholak urak baino dentsitate txikiagoa duelako.

Dentsitatea erabiliz, erraza da objektu baten bolumena jakinda haren masa kalkulatzea, edo alderantziz: masa bolumenaren eta dentsitatearen biderketa da, eta bolumena masaren eta dentsitatearen arteko zatidura.

Dentsitateak material batean partikulak nola dauden banatuta adierazten du. Esate baterako, airearen dentsitatea, itsas mailan, 0,0013 g/cm3 da, eta kobrearena 8,96 g/cm3. Aireak eta beste gasek dentsitate txikia dute, haien partikulen artean tarte handia dagoelako. Substantzia solidoen partikulak oso gertu daude bata bestearekiko, beraz, dentsitate handiagoa dute. Dentsitatea asko alda daiteke solido batetik bestera. Urrearen dentsitatea, esaterako 19,3 g/cm3 da. Urrearen atomoek, beraz, kobrearenak baino pisu handiagoa dute. Dentsitate handiena duen elementu kimiko naturala osmioa (76 atomo-zenbakia) da, haren dentsitatea 22,6 g/cm3 izanik.

Nola kalkulatu dentsitatea?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Objektu baten dentsitatea haren masaren eta bolumenaren arteko zatidura da. Orokorrean, masa gramotan (g) neurtzen da eta bolumena zentimetro kubikotan (cm3) edo mililitrotan (mL); zentimetro kubiko bat eta mililitro bat baliokideak dira.

Uraren dentsitatea 1 g/cm3 da. Ur litro batean 1.000 cm3 daude, hortaz, ur litro batek kilo 1 pisatzen du normalean. Olio litro batek, ordea, kg 1 baino gutxiago pisatzen du (920 g, gutxi gorabehera). Honek esan nahi du olioaren dentsitatea 0,92 g/cm3 dela; hau da, olioaren dentsitatea urarena baino txikiagoa da. Hortaz, uretan olioa botatzen badugu, olioa uraren gainean geratzen da, dentsitate txikiagoa duelako. Olioak uretan jasaten duen goranzko indarra (flotazio-indarra) bere pisua baino handiagoa delako geratzen da urazalean. Fenomeno hau Arkimedesen printzipoak azaltzen du. Printzipio honen arabera, fluido batean sartutako objektuek gorputz horrek desplazatutako fluidoaren pisu bereko indar bertikala jasango dute gorantz.