Dontzeila edo Julia ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi den ur gaziko arraina da.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere izen zientifikoa Coris julis da. Latinezko Coris hitzetik dator eta honek "bihotza" edo "neska gaztea" esan nahi du. Oso polita delako eta kolore biziak dituelako du izen hori.
Dontzeila, euskaraz, era askotara izendatu daiteke. Bizkaian txilipitxero edo lula deitzen zaio, Gipuzkoan, berriz, dontzella edo hija.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]20-30 cm-ko luzera duen arraina da. 7 urte bizi daiteke. Buru txikia dauka eta ez du ezkatarik. Emeak eta arrak oso ezberdinak dira.
Emeak arrak baino txikiagoak izaten dira. Kolore oso ezberdinak dituzte. Emeak kolore apalagoak izaten ditu, goiko aldea horixka-marroixka eta azpialdea zuria.
Arrek kolore biziagoak izaten dituzte, goiko aldea berdea izaten dute eta alde bakoitzean marra laranja bat. Sabelaldea zuria izaten dute emeek bezala.
Bizitokiaren arabera koloreen intentsitatea aldatu daiteke.
Bizitokia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi da baina Mediterraneo guztian ere aurkitu daiteke.
Itsas hondo arrokatsuetan eta hareatsuetan aurkitzen da. Normalean 60 metro arteko sakoneran baina 120 metrotako sakoneran ere ikusi izan dira.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egunez jarduten du elikagai bila. Arroka artean bizi diren animalietaz elikatzen dira. Ar handiek harriak altsatu ditzateke azpian egon daitezkeen harrapakinak harrapatzeko.
Dontzeila gazteak arrain handiagoen garbitzaileak izaten dira eta honela ere elikatu daitezke.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Apirila eta uztailaren artean izaten da errunaldia. Arrautzak ernaldu eta ordu gutxira larbak ateratzen dira. Hilabete pasatutakoan kostaldera inguratuko dira.