Wikipedia, Entziklopedia askea
Familia-plangintzari buruzko 1952ko kartel txinatarra

Familia-plangintza bikoteek zenbat haur, noiz eta zenbatero izateari buruz hartzen duten erabaki multzoa da. Hau da, haurrik izan nahi duten ala ez erabakitzea, eta, baiezko kasuan, zenbat eta noiz izan erabakitzea. Beste pertsonaren erabakiak errespetatzea ere esan nahi du, bere gorputzaren eta familia-bizitzaren inguruan, batez ere emakumeen kasuan.

Familia-plangintzak esan nahi du bikoteek kontrolatzen dutela haurrak izateko duten gaitasuna, eta, beraz, familiaren etorkizunari buruzko erabakiak arduraz hartu ditzaketela. Beren ugalketaren jabe direnez, nahi gabeko haurdunaldiak saihesten dituzte, eta bizitzan dituzten helburuak betetzeari denbora gehiago eskaini diezaiokete.

Familia-plangintzak bikotearen ardurari ematen dio garrantzia, haiek erabaki behar baitute noiz dauden haurrak edukitzeko prest. Erabaki hau hainbat faktoreren araberakoa da, hala nola finantza-egonkortasuna, heldutasun emozionala eta haurrei eskaini nahi dioten bizi-kalitatea.

Gorputza eta ugalketa ezagutzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia-plangintza egiteko, ezinbestekoa da ugalketan giza gorputzak nola funtzionatzen duen ulertzea. Hilekoari, obulazioari eta ernalketari buruz ikasi behar da horretarako.

Haurdunaldia eragozteko metodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia-plangintzarako, garrantzitsua da haurdunaldia eragozteko metodo desberdinak ezagutzea. Hainbat daude: fisikoak (preserbatiboak), hormonalak (pilula antikontzeptiboak) edo barrerakoak (UBG, umetoki barneko gailua). Nahi gabeko haurduntzarik ez izateko balio dute.

Haurdunaldia eragozteko metodo batzuek sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesten ere laguntzen dute. Familia-plangintzak sexu-ohitura seguruak eta osasun sexuala babesten duten metodoak erabiltzea bultzatzen du.

Sexu-hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia-plangintza sexu-hezkuntza onarekin lotuta dago. Hau ez da anatomiari eta fisiologiari buruz ikastea bakarrik; harreman osasuntsuak, elkarrekiko errespetua eta bikoteko komunikazioa ere landu behar dira.

Osasun-laguntza izatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia-plangintzarentzat oso garrantzitsua da osasun-laguntza eskuratu ahal izatea. Medikuarengana aholku bila joatea, osasun-azterketak egitea eta haurdunaldia eragozteko metodoak erabiltzeko aukera izatea osasun-laguntzaren barruan sartzen dira.