Anatomia izaki bizidunen gorputza nola osatuta dagoen eta nola funtzionatzen duen ikertzen duen zientzia da. Gorputzak osagai edo atal ugari ditu: bihotza, urdaila, gibela, etab.; atal horiei organo deitzen zaie.
Organoak, beraz, gorputzaren zati edo atal berezi batzuk dira, halako funtzio edo zeregin bat dutenak. Organo horietako batzuek funtzio berberetan parte hartzen dute, eta organo-multzo horiei aparatu edo sistema deitzen zaie; horrela, gorputzean, organoak hainbat aparatu edo sistematan banatuta daude; adibidez:
- Arnas aparatua
- Iraitz-aparatua
- Digestio-aparatua
- Lokomozio-aparatua
- Ugal-aparatua
- Zirkulazio-aparatua
- Nerbio-sistema
- Immunitate-sistema
Giza anatomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guretzat, giza anatomia da gehien interesatzen zaiguna, eta hainbat ikuspuntutatik begira daiteke; adibidez, Medikuntzaren ikuspegitik begiratuta, giza anatomiak giza gorputzaren osagai desberdinen berri ematen digu: organoak, haien egitura, kokapena, tamaina eta haien arteko harremanak.
Giza gorputza oso konplexua da, eta, horregatik, anatomiaz arduratzen diren adituek urte luzetako prestakuntza behar izaten dute xehetasun guztiez jabetzeko; haietako asko giza gorputzaren zenbait zatitan espezializatzen dira, hala nola burmuina, bihotza eta abar, baina beti ere gainontzeko organo guztiei buruzko jakintza-maila handia izanik.
Anatomiaren atalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomia bi atal nagusitan bana daiteke:
- Anatomia makroskopikoa: kasu honetan, egitura anatomikoak begi hutsez aztertu eta deskribatu daitezke.
- Anatomia mikroskopikoa: beste honetan, mikroskopioaren laguntza behar da egitura anatomikoak aztertu eta deskribatzeko; hemen sartzen dira, adibidez, histologia (hau da, ehunen antolaketaren azterketa) eta zitologia (hots, zelulen azterketa).
Anatomiak historia luzea du: II. mendean, Galeno izeneko mediku batek egin zituen gorputzari buruzko lehen ikerketak. Geroztik, azterketa anatomikoetarako erabilitako metodoak nabarmen hobetu dira: garai batean, hildako animaliak eta gizakiak disekzionatzen ziren (gorputza ireki, barrukoa agerian uzteko) haien organoak ezagutu eta ikertzeko. Gaur egun, berriz, oso tresna ahaltsuak dauzkagu horretarako; adibidez, X izpiak eta erresonantzia magnetikoa.
Anatomia patologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomia ez da anatomia patologikoarekin nahastu behar. Azken honek organo kaltetu edo gaixotuak aztertzen ditu, beti ere gaixotasun edo kalteen diagnostikoa egiteko. Patologo izena ematen zaie arlo honetan diharduten adituei.