Feudalismoa Erdi Aroko Europan indarrean egon zen sistema politiko, ekonomiko eta sozial bat izan zen, gutxi gorabehera IX. eta XV. mendeen artean iraun zuena.
Sistema hau lurraren jabetzan oinarrituta zegoen: erreinuko lur guztia Erregearena zen, baina errege edo enperadoreak lurra eskuratzen zien bere jarraitzailerik garrantzitsuenei (jaun edo nobleei edota Elizako agintariei), gerrarako zerbitzu militarrak eskaintzearen truke edota zergak eta tributuak ematearen truke. Bestetik, jaunek beren basailuen artean banatzen zuten lur hori fideltasunaren truke eta zergen truke; baina zerga horiek, normalean, ez ziren dirutan ordaintzen, produktu edo zerbitzutan baizik. Hau da, basailuek lurretik ateratzen zituzten fruituen zati bat eman behar zieten jaunei, uzta-zati bat edo zeuzkaten abereetatik batzuk; edota soldadu zerbitzua eskaini behar izaten zuten gerra garaian. Trukean, jaunek haien babesa, bakea eta segurtasuna agintzen zieten.
Azken batean, denek zor zioten leialtasuna erregeari, berau baitzegoen piramide sozialaren goreneko erpinean. Beheko aldean, gizon libreak eta jopuak zeuden. Gizon libreak lurjabeak izan zitezkeen, baina jaunen lurrak ere landu behar izaten zituzten, eta, trukean, haien babesa jasotzen zuten. Jopu edo bilauek, berriz, besterenak ziren lurrak landu behar zituzten bizimodua ateratzeko.
Lurra, beraz, nobleen esku zegoen, eta lurren jabetza familia nobleen barruko belaunaldi batetik bestera igarotzen zen, oinordekotza edo heredentziaz, alegia: horrek esan nahi du maiorazkoak edo seme nagusiak jasotzen zuela jabetza guztia aita hiltzen zenean. Jabetza horietan, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurraz gain, errotak, basoak, dolareak, elizak eta herrixkak ere sartzen ziren.
Jopu eta bilauak ziren gizarteko klaserik pobreenak. Jaunarentzat lan egin behar izaten zuten; ez ziren esklaboak, baina lurrari lotuta zeuden, eta jaunak lurra saltzen bazuen, bilauak ere lurrarekin batera joaten ziren jabe berriaren eskura. Erabateko askatasunik ere ez zuten izaten: jaunaren baimenik gabe ezin zuten aldegin haren lurretatik, ez eta ezkondu ere. Dena den, zenbait eskubide ere izaten zuten: garia edo barazkiak landatu eta sal zitzaketen; baina, normalean, beren produktuen edo irabazien %10a ("detxema" edo "hamarrena") Elizari eman behar izaten zioten, bai eta beste horrenbeste jaunari ere.