Wikipedia, Entziklopedia askea

Gas noble

Gas nobleak edo geldoak taula periodikoaren 18. taldeko elementuak dira. Monoatomikoak dira, hau da, molekula bakoitzak atomo bakarra du. Gainera, ez dute beste elementu batzuekin errez erreakzionatzen. Izan ere, gas nobleen balentzia elektronikoan beti 8 elektroi daude, eta, azken geruza elektronikoa beteta dutenez, oso egonkorrak dira. Hori dela eta, naturan, atomo bakarreko molekulak izan ohi dira. Sei gas noble daude:

Gas horiek guztiak airean aurkitzen dira. Atmosferaren % 0,96 inguru osatzen dute.

Argia sortzeko, katodo-hodi hotzetan erabiltzen ditugunean, gas noble bakoitzak kolore bat du. Radona erradioaktiboa denez, normalean, ez da argiztatzeko erabiltzen. Hona hemen besteen adierazten duten irudiak:

Oganesona (lehenago, ununoktiuma, 118. elementua) seguruenik radonaren ondorengo gas noblea da, radonaren talde berean dagoelako eta hurrengo periodoan dagoelako. Hala ere, oganesonaren batez besteko bizitza 0,89 ms-koa da. Ondoren, livermorioan (lehenago, ununhexioa, 116. elementua) desegiten da. Horrek esan nahi du seguruenik erabilera mugatua duela.

Lord Rayleigh-ek eta Sir William Ramsayk aurkitu zituzten gas nobleak. Rayleighek 1904an Fisikako Nobel Saria irabazi zuen, gas nobleei buruzko lanengatik. Urte berean, Ramsayk Kimikako Nobel Saria irabazi zuen, gas nobleekin egindako lanengatik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzez, zientzialariek uste izan zuten gas nobleek ezin zutela konposaturik eratu. Gas horiek 8 balentzia-elektroia dutenez, haien ustez, ezin zituzten elektroi gehiago onartu; eta, ondorioz, lotura ezinezkoa zen. Hala ere, 1933. urtean, Linus Pauling-ek esan zuen gas noble astunek fluoroarekin edo oxigenoarekin erreakziona zezaketela, azken horiek atomorik elektronegatiboenak direlako. Haren aurreikuspena zuzena izan zen, eta xenon hexafluoruroa (XeF6) aurkitu zuten geroago. Geroztik, gas nobleen konposatu gehiago aurkitu dituzte.