Gerra Hotza Bigarren Mundu Gerraren ondoren 1945 eta 1991 bitartean gertatutako tentsio-garaia izan zen; alde batetik, Estatu Batuak eta beren aliatuak zeuden, eta beste aldetik, Sobietar Batasuna eta herrialde komunista batzuk. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, bi herrialdeak munduko superpotentziak bihurtu ziren. Aurkari bihurtu ziren, biek nahi zutelako besteak botere gehiegi lortzea saihestu. Tentsio hura bi herrialdeen arteko gerra erreal batean amaitu ez zen arren, gerra txikiago batzuetara bai eraman zuen.
Zergatik hasi zen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerran, Sobietar Batasunak Alemania naziaren menpe zeuden Ekialdeko Europako herrialde asko askatu zituen. Hala ere, gerraren ondoren, Sobietar Batasunak herrialde horiek kontrolatzen jarraitu zuen, eta bere sistema komunista ezarri zien.
Estatu Batuek ez zuten nahi komunismoa Europako beste herrialde batzuetara zabaltzea, eta Mendebaldeko Europako herrialdeak bere aliatu edo lagun gisa nahi zituzten. Hortaz, Estatu Batuek dirua eman zieten herrialde horiei, beren burua berreraikitzeko gerraren ondoren. Horri Marshall Plana deitu zitzaion, George Marshallen omenez, plana proposatu zuen Estatu-Idazkari edo ministro amerikarraren omenez.
1949an Estatu Batuek eta beren aliatu europarrek Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO) sortu zuten, batak bestea babesteko eraso kasuan. Sobietar Batasunak eta bere Ekialdeko Europako aliatuek aliantza bat sortu zuten, Varsoviako Ituna deiturikoa, 1955ean.
Zer gertatu zen Gerra Hotzean?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berlin, Alemaniako hiriburua, bi krisi handiren erdigunea izan zen Gerra Hotzean. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, bai hiria eta bai herrialdea lau eremutan banatu ziren. Eremu horiek Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Sobietar Batasunak kontrolatzen zituzten, bakoitzak bat. Sobietar Batasunak, orduan, Berlinera janaria eta bestelako hornigaiak eramateko erabiltzen ziren errepide eta trenbideak moztu zituen; eta Berlin hiria bera sobietarren mendeko Alemaniako aldean zegoenez, erabat bakartuta geratu zen lurretik. Erantzun gisa, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak hornidurak hegazkinez bidali zituzten. Horri Berlingo aireko zubia deitu zitzaion. Sobietar Batasunak 1949ko maiatzaren 12an altxatu zuen blokeoa.
Hurrengo urteetan, Ekialdeko Berlingo pertsona asko Mendebaldeko Berlinera pasatu ziren, Sobietar Batasunaren kontroletik ihes egiteko. 1961ean, Ekialdeko Alemaniako gobernua mugimendu hori gelditzen saiatu zen, harresi bat eraikiz Mendebaldeko Berlinen inguruan. Berlingo harresia Gerra Hotzeko sinbolo bihurtu zen.
Gerra Hotza arin zabaldu zen Europatik haratago. Sobietar Batasunak munduko beste herrialde komunista batzuei eman zien laguntza. Aldi berean, Estatu Batuak komunismoak gehiago hedatzea saihesten saiatu ziren. 1950eko Koreako Gerran nahiz 1960 eta 1970 arteko Vietnamgo Gerran borrokan hartu zuten parte.
Beste borroka batzuk mendebaldeko hemisferioko herrialdeetan gertatu ziren. 1959an Fidel Castrok gobernu komunista ezarri zuen Kuban. 1962an, herrialdean misil nuklear sobietarrak zeudela eta Estatu Batuentzako mehatxua zirela egiaztatu ondoren, iparramerikarrek ez zuten uhartera horniduraz betetako itsasontzirik ez hegazkinik sartzen utzi. Krisi honetan gertatu zen, hain zuzen ere, bi blokeen arteko benetako gerra nuklear bat pizteko arriskurik handiena. Kubako misilen krisian hainbat egunez tentsioan egon ondoren, Sobietar Batasunak armak kentzea onartu zuen, eta egoera apurka-apurka lasaituz joan zen.
Noiz arte iraun zuen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]70eko hamarkadan, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak hitzarmenak sinatu zituzten bakoitzak zeukan arma nuklearren kopurua mugatzeko. Beste aldaketa batzuk Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasunaren boterea hartu zuenean gertatu ziren, 1985ean. Sistema ekonomikoa berrantolatzen saiatu zen, eta herrialdeko politikan hainbat aldaketa bultzatu zituen. Blokeen arteko tentsioa nabarmen gutxitu zen politika-aldaketari esker. Ondorioz, Berlingo harresia erori egin zen, 1989an. Varsoviako Ituna 1991ko uztailean indargabetu zen, eta geroago, urte berean, Sobietar Batasuna desagertu egin zen. Horren ondorioz, Sobietar Batasuna hainbat naziotan banatu zen, Errusia eta beste 14 nazio gehiagotan. Sobietar Batasunaren desagerpenarekin, komunismoaren nagusitasuna herrialde askotan amaitu zen, eta horrek amaiera eman zion Gerra Hotzari.