Txikipedia:Alemaniako Errepublika Demokratikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
16.111.000
🔎
Azalera
108.179 km²
🏙️
Hiriburua
Ekialdeko Berlin
📷
Argazkiak
ikusi
Alemaniako Errepublika Demokratikoa zenaren kokapena.

Alemaniako Errepublika Demokratikoa (alemanez, DDR siglekin ezagutzen zen)Europako estatu bat izan zen XX. mendearen zati batean. Ekialdeko Alemania ere deitzen zitzaion. 1990etik ez da existitzen: Alemaniako Errepublika Federalarekin bat eginda geratu zen. Bi Alemaniak batu zirenetik, estatu komun bat dago alemaniar guztientzat.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gerra irabazi zuten atzerriko herrialde handiek okupatu zuten Alemania. Alemaniako mendebaldean Alemaniako Errepublika Federala sortu zen 1949an. Sobietar Batasunak ekialdea okupatu zuen. Urte horretan bertan sortu zen Alemaniako Errepublika Demokratikoa. Berlin hiria zatikatuta geratu zen eta ekialdeko zatia bihurtu zen errepublikako hiriburu.

Sobietar Batasuna bezala, estatu komunista bat zen DDR: alderdi komunista baino ez zegoen baimenduta. Alderdi horrek erabakitzen zuen, adibidez, nor sartzen zen parlamentuan eta gobernuan. Stasik zelatatzen zuen agintari komunisten kontra zegoen edonor. Stasi Estatuko ministerio handi bat zen, nolabaiteko zerbitzu sekretu bat. Gobernu komunistaren aurka zeuden hiritarrek kartzelan bukatzen zuten askotan.

DDRren bandera.

Bestalde, Estatu komunistak berak bakarrik erabaki nahi zuen zer egiten zen ekonomian. Berez, Estatua zen enpresa handien jabea. Haien arabera, enpresak eta lantegiak herriarenak omen ziren.

Alemaniar askok ihes egin zuten DDRtik 1949 eta 1952 artean. Jendeak ihes egin ez zezan, DDRko gobernuak Berlingo Harresia eta beste harresi batzuk eraikiarazi zituen Mendebaldeko Alemaniarekiko mugan. Zorrotz kontrolatu zituzten 1989ko azaroan "harresia erori" zen arte, eta jende asko hil zen.

Nola amaitu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Europako herrialde komunistetan aldaketak gertatzen hasi ziren 70eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Polonian hasi ziren: hamar urtez baino gehiagoz grebak egin zituzten bizitza hobea eta askatasun handiagoa lortzeko. Batez ere, erlijio-askatasun handiagoa nahi zuten, eta horregatik jaso zuten Aita santuaren laguntza. 1978an, Karol Wojtyła kardinal poloniarra bihurtu zen aita santu, historiako lehen aita santu poloniarra, hain zuzen, Joan Paulo II.a izenarekin. Poloniako gobernu komunistaren aurka zegoen eta garrantzi handia eduki zuen ekialdeko Europako erregimen komunisten amaieran

1989ko ekaineko Poloniako hauteskunde libreak bloke komunistaren eta DDRren amaieraren hasiera izan ziren. 1989ko ekainaren 14an izan ziren Poloniako Senaturako bozketak; 100 eserlekuetatik bakarra irabazi zuten komunistek. Poloniar gehienek komunistengandik libratu nahi zuten.

Orduan, Hungaria zuloak irekitzen hasi zen "Altzairuzko oihala" izenekoan, hau da, herrialde komunistak herrialde demokratikoetatik bereizten zituen mugan. Ekialdeko alemaniar askok ihes egin zuten. Horrek, aldi berean, manifestazioak eragin zituen DDRn. Leipzig hirian hasi ziren, indarkeriarik gabeko manifestazioekin. Manifestariek askatasun handiagoa nahi zuten Mendebaldera bidaiatzeko. 1989ko azaroaren 9an, milaka pertsonak zeharkatu zuten Mendebaldeko Berlinerako muga. Handik gutxira, Berlingo Harresia erori zen. Jendea libre zen Ekialdeko Alemaniatik Mendebaldeko Alemaniara joateko, eta alderantziz. Azkenean, 1990eko urriaren 3an desagertu zen DDR, Alemaniaren bateratzearekin. Alemania bakarra zen berriro, zatitu gabeko Berlin batekin eta gobernu komun bakar batekin. Gerra Hotza amaituta zegoen, eta handik gutxira erori zen Sobietar Batasuna.