Wikipedia, Entziklopedia askea

Hebrear

Eduki-taula

Antzinako hebrearrak Dura Europoseko sinagogako irudi batean

Hebrearrak juduen antzinako arbasoak izan ziren. Ekialde Hurbilean bizi zen herri bat ziren. Hebrear Bibliaren arabera (kristauentzat Itun Zaharra dena), hebrearrek K.a. bigarren milurtekoaren hasieran zuten jatorria. Haien arbasoak Israelgo aitalehenak izan ziren: Abraham, Isaak eta Jakob.

Hebrearren aberria Kanaan zen, gaur egungo Palestina. Bibliak dioenez, Jainkoak Abrahami Mesopotamiako bere bizilekutik alde egiteko eta berak erakutsiko zion lurralde berri batera joateko esan zion. Bertan, Jainkoak Abrahami herri berri baten sortzaile izango zela hitzeman zion. Abrahamek bete egin zuen Jainkoak esandakoa. Kanaaneraino joan zen, eta bertan berak eta bere ondorengoek gerora Israelgo herria bilakatuko zena sortu zuten.

Jakobek, Abrahamen bilobak, 12 tributan banatu zituen hebrearrak. Jakoben bizitzaren amaiera aldera, gosete batek bera eta bere seme-alabak Kanaandik Egiptora migratzera behartu zituen. Hasieran, egipziarrek ondo hartu zituzten hebrearrak. Hala ere, hebrearrak gero eta gehiago izaten hasi zirenean, faraoiak mehatxu moduan ikusi zituen, eta esklabo bihurtzea erabaki zuen. 400 urte baino gehiago igaro ondoren, Moisesek hebrearrak esklabotzatik askatu eta Kanaanera itzultzeko bidean jarri zituen. Hebrearrek Egiptotik K.a. XIII. mendean egin zuten ihes ziur aski. Biblian kontatzen da hau, Exodoa edo Irteera izeneko liburuan.

Moisesen heriotzaren ondoren, Josue bilakatu zen hebrearren buruzagi. Josue gerlaria izan zen, eta Kanaango biztanleak, kanaandarrak, bertatik bota eta lurralde horiek 12 tribu hebrearren artean banatu zituen. Konkistaren ondoren, Biblian adituek hebrearrei israelita deitzen diete. K.a. 1000. urte aldera, tribu horiek batu egin ziren Israelgo erresuma osatzeko, Saul, David eta Salomon errege boteretsuen agindupean.

Salomonen heriotzaren ostean, erresuma bi zatitan banatu zen. Iparraldeko 10 tribuek bigarren erresuma bat sortu zuten Israel izenarekin, eta hegoaldeko bi tribuek Judeako erresuma sortu zuten. Iparraldeko erresuma asiriarrek konkistatu zuten K.a. VIII. mende amaieran, eta bertako biztanleria beste herrietako biztanleekin nahastu zen. Hegoaldeko erresuma babiloniarrek konkistatu zuten K.a. VI. mende hasieran, eta bertako biztanle asko Babiloniara erbesteratu zituzten. Babiloniako gatibualdia edo Babiloniako erbestealdia K.a. 538. urtean amaitu zen. Urte horretan, Ziro Handiak, Babilonia konkistatu zuen persiarrak, hebrearrei beren aberrira itzultzeko baimena eman zien. Hortik aurrera, hebrearrei judu deitzen hasi zitzaien.