Heste

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hesteak: Heste meharra argiago, heste lodia ilunago.

Hestea sabelean dugun 8-9 metroko luzerako organo bat da. Digestio-aparatuaren parte bat da, eta egiteko hau du: elikatzen garenean hartzen ditugun mantenugaiak eta ura xurgatzea. Hestea tutu moduko bat da, eta urdailetik uzkira doa; bitan banatzen da: heste meharra eta heste lodia; eta ondestean amaitzen da.

Heste meharra urdailetik ateratzen den tutu estu bat da, eta 2,5 cm inguruko lodiera du pertsona helduengan. Heste meharrean xurgatzen dira elikagaien nutrienterik gehienak.

Elikagai horiek ahi moduko batean iristen dira urdailetik; ahi horri kimo deritzo. Heste meheak nutrienteak xurgatzen ditu, eta nutrienteok odolera pasatzen dira heste-paretetatik. Prozesu horretarako, lau eta sei ordu artean behar izaten dira.

Xurgatzen ez den kimo partea ahi urtsu moduko bat izaten da, digeritu ezin diren gaiez osatua. Hondar hori heste lodira iristen da. Heste lodia heste meharra baino bi aldiz lodiagoa da, baina metro eta erdiko luzera besterik ez du. Hestea urdail aldera igotzen da gorputzeko eskuin aldetik, gero sabela zeharkatzen du ezker alderaino, eta ondoren ezkerretik behera jaisten da.

Heste lodian, mineralak, ura eta kolonean –hau da, heste lodiko alderik meheenean– ditugun bakterio batzuek jariatzen dituzten bitamina batzuk xurgatzen dira. Ura odolera pasatzen da. Hori dela eta, kimoa lodiagoa da hor. Bakterioek beren egitekoa amaitutakoan, gorotzek kolore marroia eta usain ezaguna izaten dute. Elikagai-hondarrek heste lodia pasatzeko behar duten denbora 15 ordu ingurukoa izaten da.

Heste lodiaren ondoren, ondestea dago; ondesteak heste lodia eta uzkia –hau da, gorotzak kanporatzeko zuloa– lotzen ditu.