Wikipedia, Entziklopedia askea

Homosexualitate

Homosexualitatearen ikurrak.

Homosexualitatea sexu bereko pertsonekiko erakarpena sentitzea, maitatzea eta sexu-harremanak izatea da. Emakumeen artekoa zein gizonen artekoa izan daiteke homosexualitatea; hau da, homosexualitatea gizon batek beste gizon bat maitatzea da, edo emakume batek beste emakume bat maitatzea. Horren kontrakoa heterosexualitatea da, hau da, emakume baten eta gizon baten arteko maitasun- edo sexu-harremana. Gizonekiko zein emakumeekiko erakarpena sentitzen denean, berriz, bisexualitatea deitzen da.

Bere sexu bereko pertsonak maite dituenari homosexual deitzen zaio. Emakumeen arteko homosexualitateari lesbianismoa ere deitzen zaio, eta emakumeekiko erakarpena sentitzen duten emakumeak lesbianak dira; gizonekiko erakarpena sentitzen duten gizonei gay deitzen zaie.

«Homo» hitza grekeratik dator eta «berdin» edo «antzeko» esan nahi du. Sexualitate hitza «sexu» hitzetik dator; beraz pertsona homosexual bat bere sexu bereko pertsonak gustukoak izan edo haiekin sexu-harremanak dituena da.

Ezinezkoa da jakitea zenbat pertsona diren homosexualak. Aditu batzuek uste dute hamar pertsonatik bat homosexuala dela, beste batzuek pertsona guztien erdia homosexualak direla uste dute. Hala ere, pertsona bat bisexuala ere izan daiteke, eta kasu horretan, bai gizonekiko eta baita emakumeekiko erakarpena ere sentitzen dute.

Homosexualitatea gizartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu homosexualaren bandera.

Homosexualitatearen aurrean, garai eta kultura desberdinetan jarrera desberdinak egon dira eta daude oraindik ere. Gaur egun, herrialde demokratiko garatu askotan, legeetan onartuta dago, homofobiaren (pertsona homosexualek jasaten duten bazterkeriaren) aurkako legeak daude; zenbait herrialdetan, gainera, pertsona homosexualak ezkondu ere egin daitezke, bai eta umeak adoptatu ere. Baina munduko beste herri askotan, ordea, homosexualitatea zigortuta dago, kartzelarekin eta, batzuetan, baita heriotzarekin ere. Hala da Afrikako herri askotan eta herri musulmanetan ere.

Tamalez, homosexualek arazoak izaten jarraitzen dute beraien homosexualitatea askatasunez bizitzeko. Homosexualak gorrotatzen dituzten pertsonak daude. Gorroto horri homofobia deitzen zaio. Pertsona homofoboek homosexualitatea naturala ez dela uste dute, gizon baten eta emakume baten arteko maitasuna bakarrik dela naturala. Gorroto horren ondorioz, leku askotan homosexualek arazoak izaten dituzte jendeari gay edo lesbianak direla esateko.

Hala ere, gaur egungo zientziak dio pertsonak homosexualak edo heterosexualak direla jaiotzaz. Horrek esan nahi du, beranduago, nerabezaroan, norbaitekin maitemintzen hasten direnean, ez dutela aukeratzen homosexualak edo heterosexualak izatea.