Wikipedia, Entziklopedia askea
James Webb espazio-teleskopioaren maketa

James Webb Espazio-Teleskopioa (JWET) inoiz eraikitako espazio-teleskopio handiena eta ahaltsuena da. JWET Hubble espazio-teleskopioaren oinordekoa da, hura izan baitzen Lurraren inguruan orbitatzen jarri zuten lehen behatoki konplexua. JWET proiektua aurrera eramateko, AEBetako NASA eta Kanada eta Europako espazio-agentziak aritu ziren lankidetzan. Espazio-teleskopio hau 2021eko abenduaren 25ean jaurti zuten espaziora. Eguzkiaren inguruan orbitatzen du, Lurretik 1,5 milioi kilometrora, gutxi gorabehera. Teleskopioaren izena James Webben omenezkoa da. James Webb NASAko zuzendari izan zen Apollo programa, gizakia Ilargira eraman zuen lehena, martxan zegoen bitartean.

Zer desberdintasun ditu Hubblerekin alderatuz?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990az geroztik, astronautek Hubble teleskopioa erabili dute espazioko objektuak lehen baino askoz garbiago ikusteko. Hari esker, hainbat galaxia ikusi ahal izan dituzte hazkunde-fase desberdinetan, eta asko ikasi dute galaxien sorrerei buruz. Hala ere, Hubblek ezin du irudirik lortu hauts kosmikoan zehar, eta bertan osatzen dira izar eta planetak.

James Webb Teleskopioa hauts kosmikoan dauden objektuen irudiak lortzeko sortu zuten. Horretarako, infragorri-kamerak erabiltzen ditu. Kamera horiek hauts kosmikoaren ondorioz ikusi ezin ditugun objektuen erradiazio termikoa jasotzen dute. Horri esker, astronomoek izar eta planeten sorrera eta garapena ikusi ahal dute. JWSTri esker, zientzialariek exoplaneten atmosferak ere ikertu ahal izango dituzte (exoplanetak Eguzkia ez beste izarren inguruan orbitatzen duten planetak dira).

Zer neurrikoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

JWETk ateratako espazioko argazki bat

JWST ikaragarri handia da. Hiru solairuko eraikin bat bezain altua eta tenis-zelai bat bezain luzea da. Bere ispiluak 6,5 metroko diametroa du, Hubbleren ispiluarena baino askoz ere handiagoa. JWSTren ispilua 18 ispilu txikiagoz dago osatua. Ispilu bakoitza urre geruza fin batez estalia dago. Urre-geruza honi esker, ispiluek argi infragorria islatu dezakete. Ispiluaren azpian aterki moduko bat dago, Eguzkitik, Lurretik eta Ilargitik argirik eta berorik iritsi ez dadin teleskopiora. JWST hain handia izanda, ez zen suziri baten barruan kabitzen. Ondorioz, tolestu egin behar izan zuten barruan kabitzeko. Espaziora iritsi zenean, bi aste behar izan zituen guztiz zabaltzeko.