Txikipedia:Karmele Jaio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, Araba, 1970eko martxoaren 19a) euskal idazlea, kazetaria eta komunikazio arduraduna da.

EHUn Informazio zientzietan lizentziatu eta gero, kazetari lana bete du hainbat idatzizko komunikabidetan, hala nola Euskaldunon Egunkarian edo Garan. Beste egunkari batzuetarako iritzi zutabeak ere idazten ditu, Diario de Noticias de Álavan, Deian, Diario de Noticias de Gipuzkoan eta El Paísen, esaterako. Zenbait komunikazio bulegotako buru izan da. Egun, Emakunderen komunikazio arduraduna da.

Lehen argitaratu zuen liburua "Hamabost zauri ipuin" bilduma izan zen 2004an. Urte berean Igartza Saria irabazi zuen, "Amaren eskuak" eleberriaren proiektuagatik. Aipatutako eleberri hau 2006an kaleratu zen, eta hainbat sari jaso zituen: Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburua Saria.

"Amaren eskuak" eleberriaren arrakasta ikusita, Jaiok berak gaztelaniarako itzulpena egin zuen, "Las manos de mi madre" izenburupean Ttarttalo argitaletxearen eskutik. Halaber, zinemarako bertsioa zuzendu du Mireia Gabilondok, 2013ko Donostiako Zinemaldian estreinatzekoa.

Bere hurrengo lanetan ipuina eta eleberria tartekatu ditu. Horrela, 2007an "Zu bezain ahul" ipuin bilduma kaleratu zuen, eta 2009an "Musika airean" eleberria. Poesia ere idatzi du, 2015ean "Orain hilak ditugu", bere lehen poesia-liburua argitaratu du.

2015eko uztailaren 17an euskaltzain urgazle izendatua izan zen.