Wikipedia, Entziklopedia askea
Txano Gorritxo

Ipuinak, bereziki herri-ipuinak, belaunaldiz belaunaldi kontatzen diren narrazio mota bat dira. Benetako herri-ipuinek ez dute egile bakar bat, ipuin idatziek izan ohi duten bezala; denboran zehar garatzen dira, pertsona desberdinek kontatu ahala. Horregatik esaten da "herri" ipuinak direla, herriak sortzen dituelako.

Herri-ipuin asko oso aspaldikoak dira. Hainbat belaunalditan zehar ahoz kontatzen ziren, inon idatzi gabe. Kontalarik istorioak buruz ikasten zituzten, eta horrela mantentzen zituzten bizirik.

Gaur egungo idazle batzuek ipuin tradizionalen bertsio berriak idatzi dituzte, alegienak eta maitagarri-ipuinenak adibidez. Herri-ipuin asko liburuetan idatzita ere geratu ziren. "Mila gau eta bat gehiago" izeneko ipuinak, adibidez, ahoz kontatzen ziren aspaldi Ekialde Hurbileko leku askotan. Aladino, Ali Baba eta Sinbad itsasgizonarena dira, adibidez, istorio hauetako batzuk. Ipuin-bilduma hau idatziz biltzen Erdi Aroan hasi ziren, eta ezagutzen ditugun bertsioak XIX. mendean argitaratutako liburuetakoak dira.

Zer nolako istorioak kontatzen dituzte?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri-ipuinak bizitzako alderdi desberdin askori buruzkoak izan daitezke. Batzuek istorio alaiak kontatzen dituzte, besteek tristeak, beste batzuek animalia eta izaki magikoei buruzkoak, heroi eta doilorrenak... Beldurgarriak, dibertigarriak edo hunkigarriak izan daitezke, besteak beste. Ipuin mota hauen guztien helburua entretenigarriak izatea, irakaspen bat ematea edo jendeak ulertzen ez dituen gauzak azaltzea izan daiteke, adibidez.

Herri eta kultura bakoitzak askotariko istorioak kontatzen ditu. Hala eta guztiz ere, batzuetan gai antzekoak agertzen dira leku eta kultura desberdin askotako ipuinetan. Esate baterako, pertsonaia bizkorrei buruzko ipuinak herrialde eta hizkuntza guztietan agertzen dira. Batzuetan, pertsonaia hau animalia ahul bat da, baina animalia indartsu baino bizkorragoa denez, garaitu egiten du.

Heroien istorioak ere kultura askotan agertzen dira. Heroiei buruzko kontakizunek herri bat elkartzen eta bere historia gogoan izaten laguntzen dute. Adibidez, Artur Erregea eta Mahai Biribileko Zaldunak kondaira askotako heroiak dira Frantzian eta Ingalaterran.

Zer dira alegiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alegia deritzana herri-ipuin mota bat da, helburu gisa irakaspen bat ematea duena. Alegiak ipuin entretenigarriak izaten dira, eta protagonistak hitz egiten duten animaliak izaten dira, pertsonak balira bezala jokatzen dutenak. Gizakion ezaugarriak dituztenez, animaliek pertsonak zein ergel edo jakintsuak izan daitezkeen erakusten dute. Adibidez, "Erbia eta dortoka" alegiak umilen esfortzua indartsuen harrokeria baino gehiago dela erakusten du.

Alegia zaharrenetako batzuk India eta Greziatik datoz. Badirudi gaur egun ezagutzen ditugun alegia asko Esopo izeneko gizon batek idatzi zituela Antzinako Grezian.

Zer dira maitagarri-ipuinak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maitagarri-ipuinak izaki magikoei buruzko herri-narrazioak dira. Pertsona gazte batek maitagarriak, sorginak, erraldoiak edo herensugeak bezalako izaki fantastikoekin topo egindako aldiak kontatu ohi dituzte. "Errauskine", "Txanogorritxu", eta "Loti Ederra", adibidez, ahoz kontatzen ziren herri-ipuin bezala hasi ziren, egilerik gabe. Bi anai alemaniarrek, Grimm anaiek, maitagarri-ipuin asko idatzi eta bildu zituzten XIX. mendean. Idazle moderno batzuek, Hans Christian Andersenek, adibidez, maitagarri-ipuin berriak asmatu zituzten.