Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
53.012.456
🔎
Azalera
130.278 km²
🏙️
Hiriburua
Londres
📷
Argazkiak
ikusi
Ingalaterra berde ilunez dagoen zatia da.

Ingalaterra Erresuma Batua osatzen duten lau lurraldeetako handiena da; beste zatiak Ipar Irlanda, Eskozia eta Gales dira. Londres da Ingalaterrako eta Erresuma Batuko hiriburua eta hiri handiena.

Askotan, Ingalaterra izena erabiltzen da Erresuma Batuari buruz hitz egiteko, baina gaizki erabilita dago, herrialde horretako nazio edo lurralde bat besterik ez baita.

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterra Britainia Handia deitzen den uhartean dago, Europako ipar-mendebaldean; uharteko zatirik handiena okupatzen du, 30.395 km² zehazki. Gainera, Britainia Handiko eta Erresuma Batuko biztanle gehienak bertan bizi dira eta haren ekonomia da herrialde osoko garrantzitsuena.

Ingalaterra ez da menditsua, baina ezta laua ere; muino edo mendixka ugari ditu, baina garaienak (Scafell Pike) 978 metro besterik ez ditu. Baso gutxi daude eta itsasertza itsaslabarrez beteta dago.

Ingalaterrako ibairik luzeena Tamesis ibaia da, Ingalaterrako hegoaldean. Ingalaterra zeharkatzen duten beste ibai handi batzuk Severn eta Trent ibaiak dira. Aintzira aipagarri gutxi ditu. Handiena, Windermere, ipar-mendebaldean dago.

Ingalaterrako klima euritsua eta epela da. Negua epela da, udak freskoak, eta euria urtaro guztietan egiten du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrako bandera

Ingalaterra Goi Paleolitoaren aroan hasi zen populatua izaten. Gure aroaren aurreko 500. urte inguruan hasi ziren iristen gizatalde zeltak, herri britaniarrak haien artean.

Erromatarrek gure aroaren aurreko 55. urte inguruan inbaditu zuten Ingalaterra eta ia osorik kontrolatzen zuten K.o. 100. urterako. Ingalaterra eta Galeseko lurrek Britannia izeneko erromatar probintzia osatu; probintzia hori Erromatar Inperioaren zati izan ziren 400. urtera arte.

V. mendearen hasieran, Europa iparraldetik iritsitako hiru gizataldek inbaditu zuten Ingalaterra. Inbaditzaile horiek angloak, saxoiak eta jutoak ziren. Ingalaterra gehiena konkistatu zuten eta pixkanaka-pixkanaka hainbat erresuma eratu zituzten. Haien hizkuntza, anglosaxoia, gero ingeles modernoa bihurtu zen. Angloengandik dator Ingalaterra izena.

IX. mendearen hasieran, berriz, Danimarkako bikingoek Ingalaterrako zati handi bat konkistatu zuten. Urte luzeko gerra eta liskarren ondoren, daniar erregeek gobernatu zuten Ingalaterra XI. mendeko zati batean.

Garai hartan, beste bikingo talde batek gaur egungo Frantziaren iparraldeko kostaldea kontrolatzen zuen; normandiarrak izena eman zitzaien, izen horrek "iparraldeko gizonak" esan nahi baitu. 1066an, normandiarrek Ingalaterra konkistatu zuten eta 1154ra arte agindu zuten bertan. Normandiarrek feudalismo deritzan sistema sartu zuten, non erregeak lurrak ematen zizkien handikiei leialtasunaren truke.

1154an, errege ingelesen leinu berri bat iritsi zen boterera, Plantagenet leinua. Plantagenetarrek 300 urtez gobernatu zuten Ingalaterran. Henrike II.a izan zen leinu honetako lehen erregea. Errege honek Irlanda konkistatzera bidali zuen bere armada.

XIII. mende bukaeran, Ingalaterrako armadak Gales konkistatu zuen eta Eskoziaren kontrola ere hartu nahi izan zuten, baina ez zuten lortu.

Ingalaterran gerra zibil bat egon zen 1642 eta 1649 artean, erregearen eta Ingalaterrako Parlamentuaren artean, eta, Parlamentuaren aldekoek irabazi ondoren, Ingalaterra Commonwealth izeneko errepublika bihurtu zen. Baina 1660n monarkia berrezarri zen.

1707an Eskozia eta Ingalaterra elkartu ziren, Galesekin batera, Erresuma Batua osatzeko. Ordutik Ingalaterrak ez du aparteko gobernurik izan, britainiar gobernua bakarrik baitzegoen. Gaur egun ere ez dago Ingalaterrako gobernurik, baina Erresuma Batuko beste lurraldeek (Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak) bai dute beren gobernu autonomoa.