Wikipedia, Entziklopedia askea

Krisalida

Tximeleta bat krisalidatik irteten

Krisalida edo kuskua intsektu batzuek beren burua edo beren kumeak heldu bihurtzeko orduan babesteko egiten duten estalki edo azala da. Sitsek, tximeleta batzuek, zizareek eta izainek egiten dituzte kuskuak. (Tximeleta gehienek krisalida egiten dute, eta ez kuskua). Sitsetan eta tximeletetan kuskuak kumeek, hau da, larbek edo beldarrek, egiten dituzte. Zizare eta izainen kasuan, helduek egiten dituzte kuskuak.

Kuskuak leku askotan egon daitezke: adar edo zuhaixketan zintzilik, hostoetan bilduta edo lurpean. Intsektu batzuek egun gutxi batzuk besterik ez dituzte igarotzen kusku barruan. Beste batzuk hilabete luzez egoten dira bertan.

Sitsak eta tximeletak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sits eta tximeleten bizi-zikloan, kuskua edo krisalida egitea metamorfosi izeneko aldaketa multzoaren barruan sartzen da. Beste intsektu askoren moduan, tximeletek eta sitsek lau fase izaten dituzte metamorfosian: arrautza, larba, pupa eta helduaroa.

Kusku edo krisalidak intsektua babesten du pupa-fasean dagoen bitartean. Kusku edo krisalidaren barruan, larbek helduek dituzten gorputz-atalak garatzen dituzte, hegalak adibidez. Pupa fasea amaitzean, intsektu heldua kusku edo krisalidatik irteten da. Kusku edo krisalida hautsiz, bigunduko duen likido bat erabiliz edo murtxikatuz irten daiteke.

Sitsen larbek zetazko kuskuak egiten dituzte. Izan ere, gizakiek sitsen larba batzuen kuskuak erabiltzen dituzte zetazko ehunak egiteko. Larba horiei zeta-har deitzen zaie. Sitsen larba batzuek beste materialak ere gehitzen dizkiete kuskuei, hala nola murtxikatutako hostoak. Tximeleten larba batzuek ere egiten dituzte zetazko kuskuak. Baina tximeleten larba gehienek krisalidak egiten dituzte. Krisalidak material gogor batez eginak daude, intsektuen gorputzen material beraz.

Zizareak eta izainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izain eta zizareen kasuan, helduek osatzen dituzte kuskuak ugaltzen direnean. Kusku bakoitzak hainbat arrautza izaten ditu. Kuskua gogorra da eta ez du likidorik sartzen uzten, garatzen ari diren bitartean arrautzak babestuta egoteko. Arrautza horiek zizare heldu bihurtzen direnean, kuskutik ateratzen dira.