Wikipedia, Entziklopedia askea


Laminatuturren leizea

Laminatutur Euskal Herriko Gabonetako mitologiaren parte den pertsonaia bat da.

Olentzeroren laguntzailea da Olaztin eta harekin bizi da Urbasako Laminatutur leizean. Emakumezko lamina bat da eta bere eginkizun nagusiena haurrek Olentzerorentzako idatzitako eskutitzak jasotzea da.

Nola da bere kondaira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

      Entzun!

Bazen behin Olaztin bizi zen neskatila polit, lirain eta bihurri bat, beti alde batetik bestera korrika eta jolasean zebilena.

Egun batean bere gurasoekin Urbasara igo zen paseatzera eta halako batean, txabola bat aurkitu zuen zuhaitz batzuen artean. Asto bat zegoen arrantzaka eta neskatila hurbildu zitzaion laztantzera. Sumatu zuen astoa gosez zegoela eta txabolan sartu zen jateko zerbaiten bila. Neskatilak ogi apur bat hartu eta astoari eman zion. Orduan, gizon baten ahotsa entzun zuen astoari deika eta harengana hurbildu zen.

Ukuiluaren sarreran geratu zen neskatila eta hantxe ikusi zuen gizon ileurdina, bizarduna eta tripa handi-handia, pipa ere ahoan zeukana. Halako batean, gizonak neskatila ikusi zuen eta egiten ari zen egurrezko jostailuak erakutsi zizkion. Momentu hartan konturatu zen neskatila gizon hura Olentzero zela eta harekin geratu zen meriendatzera. Neskatila, oso gustura zegoen Olentzerorekin eta han bizitzen gelditzea erabaki zuen. Negua gertu zegoen eta Olentzerorekin Urbasan geratzeko lamina bihurtu behar zuen. Horregatik, Urederrara joan zen Olentzeroren laguntzaz eta han laminen errituala egin zuen.

Laminatutur
   Ba al dakizu   

Kondairak dioenez, lamina bihurtzeko errituala honako hau da:

9 egunez jarraian euria egin ondoren eta ilgora den gau batean Urederra jaiotzen den iturburura joan. Gauerdian uretan ilargia islatzen den tokian sartu eta ilargiarekin jolastu behar da.

Denbora pasa ahala, neskatilak gurasoak eta Olazti faltan botatzen zituen baina Olentzerok esan zion oraindik ezin zela jaitsi. Horregatik, Bargagainen dagoen Laminatutur leizera mugitu ziren bizitzera, handik Olazti ikusi zezaketelako. Hainbeste gustatu zitzaion leizearen izena neskatilari berak ere izen hori hartu zuela, Laminatutur.

Iritsi zen hurrengo negua eta Olentzero lanaz gainezka zegoenez Laminatuturri laguntza eskatu zion. Horregatik, negu hartan, Laminatutur Olaztira jaitsi zen haurren eskutitzak jasotzera. Ordutik, urtero jaisten da Laminatutur Olentzerori laguntzeko.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laminatutur lamia bat da. Gorputzaren goiko zatia gizaki batena da eta beheko zatia ahate batena. Beti gazte mantentzen da lamia bat delako. Ile luze-luzea eta horia dauka. Olaztira jaisteko, euskal baserritar jantziak erabiltzen ditu.

Nola ospatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laminatutur Olaztin soilik ospatzen da eta urtero jaisten da Gabon gaueko igande bezperan. Eguzkia ezkutatzearekin batera iristen da Laminatutur Olaztira eta haur eta gazteak esperoan egoten dira. Azken urteetan, Laminatuturrek Olaztiko Maisuenea Gaztetxea izan du parada eta Olaztiar asko hurbildu zaizkio eskutitzak ematera.

Urbasatik herrira jaisteko Laminatuturrek bere ile luzea txanoaren azpian gorde eta abarkak janzten ditu erosoago egoteko, bide luzea baita.