Wikipedia, Entziklopedia askea
Musua, Francesco Hayez margolariaren lana (1859).

Maitasun erromantikoa maitasun mota bat da. Sentimenduz betetako harremana da eta maitaleek kontaktu sexuala, musuak, laztanak edo bestearekin amodioa egitea desiratzen dituzte sarri.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikote harremanetan gertatzen da, maitaleek grina edo pasio handiz elkar maitatzen dutenean eta harreman sendoa sortzen dutenean elkarren artean. Bikoteak libreki sortzen dira, inork behartu gabe. Askotan elkarri promesak egiten dizkiote: "Betiko maiteko zaitut". Maitasun erromantikoaren ondorengo fasea ezkontzea izan daiteke, baina ez da beti horrela izaten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maitasun erromantikoaren ideia edo kontzeptua XVIII. mendean sortu zen, Erromantizismo garaian. Hala ere, lehenagotik ere maitasun erromantikoaz betetako testuak aurki daitezke literatura unibertsalean; adibidez, Safo idazle greziarrak K.a. 600 urte lehenago. Maitasun erromantikoa ezkontza behartuen aurkako ideia modura agertu zen.

Maitasun erromantikoa literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Printzesak eta printzeak agertzen diren ipuinak adierazgarrienak dira: Errauskine, Mari Titare, Edurnezuri eta Zazpi Ipotxak, Ederra eta piztia, eta antzerako beste batzuk.

Maitasun erromantikoan oinarritutako istorio bat kontatzen duen literatura-lan oso ezagun bat Shakespeareren Romeo eta Julieta da. Istorio honetan, familiek ez diete elkar maitatzen uzten neska-mutil gazte batzuei eta, ondorioz, maitaleak alde egiten saiatzen dira, baina plana ez zaie ondo ateratzen eta bukaeran hil egiten dira. Maitaleek nahiago dute hil, separatuta egon baino.

Maitasun erromantikoa eta genero-indarkeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo feminismoan eztabaida dago gai honi buruz. Batzuek pentsatzen dute maitasun erromantikoa genero-indarkeria sortzen duela, eta beste batzuek ez.

Lehenengoek uste dute maitasun mota honetan gehiegizko lotura sortzen dela maitaleen artean eta gizonak emakumea kontrolatzera eramaten duela. Emakumea, tratu txarrak jasanda ere, ez dela banatzen bikotekidearengandik, maite duelako eta maitatzeko promesa egin ziolako.

Aldiz, beste batzuek diote maitasuna bera ez dela erruduna, gizon erasokorrek baizik. Sexu-erasoak edozein harreman motatan gertatzen direla argudiatzen dute, bai aldi baterako harremanetan eta baita maitasunezko harremanetan ere. Beraz, kontua ez da harreman mota, norekin maitemintzen garen baizik. Ondorioz, Eskola-jazarpena egitera ohituta dagoen mutilak etorkizunean nesken aurkako sexu-jazarpena egiteko probabilitate gehiago du. Zaila da lagunak beti ongi tratatu izan duen mutilak neskalaguna gaizki tratatzea.