Txikipedia:Mari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal mitologiako pertsonaiak.

Mari jainkosa euskal mitologiako pertsonaia nagusia da; beste guztien buruzagia eta lurraren, zeruaren eta ortziaren jainkosa.
Beste izen batzuk ere baditu: Anbotoko Mari, Anbotoko Dama, Anbotoko señoria, Aralarko Dama, Txindokiko Dama, Aizkorriko Dama, Mondarraingo Dama eta Murumendiko Dama.
Mari jainkosa zintzotasunaren, laguntasunaren eta justiziaren aldekoa da.
Euskal Herriko hainbat menditan ibiltzen da (Txindokin, Gorbeian, Murumendin...), baina Anboto mendiko leizea bere bizitoki nagusia dela esaten den arren, hau, bere etxearen sarrera da, mendi barrenetan bizi delako. Hala ere, Mariren Koba deitzen zaio Anbotoko leize horri. Kobazuloaren paretak urrez estalirik daudela esan ohi da eta behin bertan sartuta, Jainkosa topatuz gero, portaera zaindu behar da, hari errespetua ez galtze arren. Adibidez, harekin hika erabiliz mintzatu behar gara, zuka erabili beharrean eta kobazuloa uztean, hari aurrea emanez (hau da, bizkarra eman gabe) eta atzerantz ibiliz egin behar dugu.
Mari jainkosaren senarra Sugaar da, eta bi seme dauzkate: Mikelats eta Atarrabi.

Marik ez ditu lapurretak, engainua, berekoikeriak eta gezurrak atsegin, dama zintzo eta prestua baita. Diotenez, aipaturiko ezaugarri maltzurren arabera aritzen diren pertsonak zigortu ohi ditu. Esate baterako, 10 ardi izanik 5 dituela esaten duenari beste bostak desagertarazten dizkio.

Zenbait adituren ustetan, Toti Martínez de Lezea idazle arabarra kasu, gaur egun dugun Mari jainkosaren irudiak Kristautasunaren aztarnak izan ditzake, Euskal mitologiak urteetan zehar erlijio Kristauarekin izandako hartu-emana dela eta. Aipatu idazlearen ustez, aztarna honen adibide izan daiteke Mari izena bera, Kristautasuneko Maria birjinarekin lotura izan baitezake. Mari jainkosaren berezko izena Amari izan daitekeela proposatu du, jainkosa honek amatasun eta naturarekin duen erlazioan oinarrituz.

Mariren kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Mariren kondairaren audioa

Anbotoko baserri batean bizi zen Mari bere gurasoekin. Neska ilehoria zen Mari eta asko gustatzen zitzaion bere ilea zaintzea, askotan ilea orrazten aritzen zen. Hain zuen maite bere ilea orraztea, non bere amak zerbait egiteko agintzen zion bakoitzean erantzuten zion ezin zuela, ilea orraztu behar zuela. Marirentzat bere ilea zen garrantzitsuena, gainerakoak ez zion axola.

Egun batean, ordea, Mari ilea orrazten ari zen bitartean ekaitza sortu zen eta amak horrela esan zion: Mari! Lagun iezadazu animaliak sartzen!

Baina Marik ezin zuen, ilea orraztu beharra zeukan. Amak orduan haserretuta honela esan zuen: Ea behingoz tximista batek eramaten zaituen!

Esan eta egin, une horretan bertan tximista batek Mari hartu eta laino artean desagerrarazi zuen.

Ama orduan asko atsekabetu zen bere alaba ez zuelako gehiago ikusiko, baina orduz geroztik zazpi urtez behin Mari mendietara jaisten da artzainei laguntzera.

Diotenez, Mari bere bikote Sugaarrekin bizi da koba batean eta nahi dutenean izugarrizko ekaitzak sortzen dituzte.

Irakaspena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marik zintzo jokatu behar dela irakasten digu, baita norberarena dena banatzen eta hurbileko senideak zaintzen ere.