Wikipedia, Entziklopedia askea

Maseru

Maseru errepide nagusitik ikusita.

Maseru Afrikako hiri bat da, bai eta Lesotho izeneko herrialdeko hiriburua eta bertako hiririk handiena ere. 138 kilometro koadro ditu eta 2016ko datuen arabera, 330.760 biztanle ditu. 1.600 metroko altueran dago.

Hiri nahiko berria da. 1869an, Britaniar Inperioak poliziarentzako kanpamentua eraiki zuen bertan. Ondoren, Basutoland delakoaren hiriburu bilakatu zen eta hala iraun zuen 1871 arte. Urte batzuetan hiriburu izaera galdu arren, 1884an berriz berreskuratu zuen; Basutoland berrezarri egin baitzen. Lesothok independentzia lortu arte, Maseru ez zen hiri handia eta hazkunde handirik ere ez zuen izan. 1966an, Lesothok independentzia lortu zuen, eta, handik aurrera, hiria asko handitu zen. 1998ko hauteskundearen ondoren, hirian istiluak egon ziren eta kalte handiak gertatu ziren.

Maseruko klima alturetako klima subtropikala da, klima ozeanikoaren aldaeretako bat, hain zuzen ere. Klima epela da, uda euritsuekin eta negu hotz eta lehorrekin. Abendutik martxora bitartean, batez besteko tenperatura 22 gradukoa da. Neguan, ekainetik irailera bitartean, berriz, batez besteko tenperatura 9 gradukoa da. Urtean, batezbeste 691 milimetro prezipitazio egin ohi ditu.

Maseruk 1986an 98.017 biztanle zituen, 1996an 137.837 eta 2016an 330.760. Datu horiek hiria sekulako hazkundea jasaten ari dela adierazten dute.

Hiriko ekonomia nagusia bere finantza barrutian biltzen da. Bertan, bulegoak, bankuak eta bestelakoak daude. Hiria hazten ari den heinean, bertako ekonomia ere hazten doa, nahiz eta 1998ko istiluek kalte handiak eragin zituzten. Industria hiriko bi eremutan dago.