Merkataritza era guztietako ondasunak, produktuak eta zerbitzuak trukatzeko salerosteko jarduera da. Ondasunak eta produktuak pertsonek lantzen edo fabrikatzen dituzten objektuak dira, adibidez, elikagaiak, arropa, ordenagailuak, etab.; zerbitzuak, berriz, materialak ez diren gauzak dira, adibidez, ilea moztea, garraioak, energia ematea, osasun-arreta, etab.
Jarduera hau ekonomiaren hirugarren sektorearen barruan sartu ohi da, zerbitzuen sektorean, alegia, eta funtsezkoa da herrialde garatuen ekonomian, biztanleen beharrak asetzen ditu, lana ematen dio jende askori eta, oro har, ekarpen handia egiten dio herrialdearen barne produktu gordinari.
Merkataritza historiaurreko garaietatik datorren jarduera da. Hasieran, trukearekin hasi zen: norbaitek zerbait ematen zion beste norbaiti beste zerbaiten truke. Geroago, gizakiak dirua asmatu zuen, produktuei balio zehatzagoa emateko. Gaur egun, ondasun, produktu eta zerbitzuak diru truke salerosten dira.
Merkataritzaren osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merkataritzan, objektuak eta zerbitzuak saltzen dira. Horretarako, ezinbestekoak dira parte-hartzaile eta osagai hauek:
- Saltzailea: produktua eskaintzen edo salgai jartzen duen pertsona edo enpresa. Bi saltzaile mota bereizten ditugu:
- Eroslea: salgai dagoen produktu edo zerbitzua eskatzen edo erosten duena. Pertsonak direnean, kontsumitzaile ere deitzen da, produktuak kontsumitu egiten dituelako.
- Salgaiak: saltzaileak eskaintzen duen produktu edo ondasuna.
- Merkatua edo azoka: salgai dauden produktuak salerosteko dagoen lekua. Merkatua ulertzeko bi modu desberdin daude: merkatu batzuk benetako eraikinak dira; baina badago beste merkatu mota bat zentzu abstraktuan ulertu behar dena: adibidez, "etxebizitzaren merkatua" esaten denean, etxebizitzen salerosketaren egoerari buruz hitz egiten da, ez etxebizitzak saltzeko eraikin bati buruz. Bestalde, gaur egun, salgai asko eta asko Internet bidez eros daitezke etxetik edo nahi dugun lekutik eta etxera edo nahi dugun lekura bidaltzen digute; Internet bidezko erosketa hauetan ez dago merkatu fisikorik, merkatu birtuala baizik.
Merkataritza motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako merkataritza mota hauek bereizten dira:
Barneko merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu baten mugen barruan garatzen dena da, eta bertako biztanleak ondasunez hornitzea du helburu. Bi mota daude:
- Txikizkako merkataritza edo txikizkako salmenta: produktuak amaierako kontsumitzaileari saltzen dizkiona, alegia, produktuak erabiltzen edo kontsumitzen dituen eroslearekin egiten dena. Kaleetako dendak, azokak eta supermerkatu gehienak, adibidez, txikizkako merkataritzan sartzen dira. Merkataritza mota honetan, txikizkako saltzaile edo txikizkariek handizkari edo handizkako saltzaile bati produktu-kopuru txikiak erosten dizkio, amaierako kontsumitzaileari saltzeko.
- Handizkako merkataritza edo handizkako salmenta: ekoizleei produktu-kantitate handiak erosi eta txikizkako saltzaileei saltzen dizkien bitartekaritzako jarduera. Mota honetako merkataritzan, normalean, bitartekariak kantitate handiak erosten ditu, eta kantitate txikiagotan eta prezio handiagoan saltzen ditu, eta txikizkako merkataritzan diharduten denda eta saltzaileek erosten dituzte, ez amaierako kontsumitzaileek. Merkataritza mota honetan, handizkako saltzaile edo handizkari batek salgai-kopuru handia erosten dizkio ekoizleari, merkatari txiki edo txikizkako saltzaileei saltzeko.
Barne-merkataritzaren barruan, honako saltokiak aurkitzen ditugu batez ere:
- Merkataritza txikia edo tradizionala: dendak.
- Azalera handiak: supermerkatuak, hipermerkatuak eta saltoki handiak.
- Merkataritza-guneak.
- Internet bidezko salmenta.
Saltoki desberdinak: alde on eta txarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saltokia | Abantailak | Desabantailak |
---|---|---|
Auzoetako dendak | Hurbiltasuna eta zerbitzu pertsonala | Produktu gutxi, batzuetan garestiak |
Supermerkatua | Produktu asko eta merkeagoak | Zerbitzu pertsonal gutxiago |
Erdialdeko dendak | Denda ugari eta era askotakoak | Aparkatzeko arazoak |
Merkataritza-guneak | Denda-kateak, produktu asko, aparkatzeko erraza | Zerbitzu pertsonal gutxiago, garraioa behar |
Internet bidezko erosketa | Era guztietako produktuak, prezioak konparatzeko aukera, etxetik egin daiteke, etxera ekartzen dute | Produktua ezin da ikusi, itxaron behar da etxera iritsi arte |
Kanpoko merkataritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde desberdinen arteko produktuen eta zerbitzuen salerosketa guztiak dira. Merkataritza mota honen barruan sartzen dira:
- Inportazioa: herrialde batek atzerriko beste bati egiten dizkion produktu eta zerbitzuen erosketa, eta
- Esportazioa: herrialde batek atzerriko beste bati egiten dizkion produktu eta zerbitzuen salmenta.
Inportazioak eta esportazioak merkataritza-balantzan erregistratuta geratzen dira, herrialde batek munduko gainerako herrialdeekin denbora-tarte batean egindako salerosketa guztiak islatzen dituen dokumentu batean, alegia. Herrialde baten merkataritza-balantzaren saldoa salmenta eta erosketen arteko aldea da. Emaitzaren arabera, balantza izan daiteke:
- Positiboa: esportazioak inportazioak baino handiagoak dira (superabita dagoela esaten da).
- Negatiboa: inportazioak handiagoak dira esportazioak baino (defizita dagoela esaten da).
- Orekatua: esportazioak eta inportazioak maila berean daude.
Zein dira merkataritza baldintzatzen duten faktoreak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat faktorek baldintzatzen dituzte merkataritza-jarduerak; aipagarrienak honako hauek dira.
- Garraioa eta azpiegiturak: eraginkorrak izan behar dute, kontsumitzaileei ahalik eta azkarren eta baldintza onenetan produktuak helarazteko.
- Kontsumitzaileen eros-ahalmena eta konfiantza: biztanleek baliabide ekonomikoak eduki behar dituzte erosi ahal izateko; lanik gabe daudenek eta dirusarrera gutxi dituztenek gutxiago erosi ahal dute. Gainera, konfiantza eduki behar dute beren egoera ekonomikoarekin eta egoera ekonomiko orokorrarekin, bestela ez dute hain erraz kontsumituko.
- Enpresen konfiantza: enpresek herrialdeko egoera ekonomikoan konfiantza badute eta irabaziak lortzeko itxaropenak badituzte, errazago egingo dituzte inbertsioak edo kontratatuko dituzte langileak produkzioa handitzeko aukera ikusten dutenean.
- Merkatu zabalak: bezero askorengana iristeko aukera dagoenean, enpresek produkzioa handitzen dute eta langile gehiago kontratatzen dituzte. Gaur egun, Internet bidez, enpresak mundu osoan aurki ditzakete bezeroak.
- Prezioa, zergak eta publizitatea: hauek ere eragina izaten dute bezeroak erostera animatzeko.