Wikipedia, Entziklopedia askea

Michael Collins (astronauta)

Eduki-taula

👶
Jaiotza
1930eko urriaren 31
Erroma
💀
Heriotza
2021eko apirilaren 28a
Naples (Florida)
🔨
Lanbidea
ofizier
📷
Argazkiak
ikusi
Michael Collins 1969an.

Michael Collins astronauta estatubatuarra Apollo 11ko aginte-moduluko pilotua izan zen, gizakiak Ilargira lehen aldiz joan ziren misioan. Ilargiaren inguruan orbitatu zuen, Neil Armstrong eta Buzz Aldrin azalera jaitsi ziren bitartean.

Nazionalitate estatubatuarra izan arren, Collins 1930ko urriaren 31n jaio zen Erroman, Italian. West Pointeko Akademia Militarrean graduatu zen, New Yorken, eta Estatu Batuetako aireko indarrean sartu zen. 1963an NASAren programa espazialean onartu zuten.

Beste misio espazial batzuetan parte hartu ondoren, 1969ko uztailaren 16an, Collins Ilargira abiatu zen Apollo 11 misioan, Neil Amstrong komandantearekin eta ilargi-moduluaren pilotu Buzz Aldrinekin batera. Armstrong eta Aldrin ilargiratu egin ziren Eagle moduluan uztailaren 20an, eta Collins, bitartean, Columbia aginte-moduluan geratu zen. Ilargiaren inguruan biraka ibili zen 97-121 kilometroko altitudean. Uztailaren 21ean, Ilargia utzi eta gero, Armstrong eta Aldrin harekin elkartu ziren, eta hurrengo egunean astronautek Ilargiko orbita utzi zuten. Lur planetara uztailaren 24an iritsi ziren, Ozeano Barean.

Apollo 11 Collinsen azken misio espaziala izan zen. Geroago, 1969an, Gai Publikoetarako estatu-idazkari laguntzaile izendatu zuten. 1971n, Collins Washington hiriko Airearen eta Espazioaren Museo Nazionaleko lehen zuzendaria bilakatu zen, eta 1978an Smithsonian Institutuko idazkariordea.

Collinsek zenbait liburu idatzi zituen, Apollo 11ren misioaren kontakizun bat, Carrying the Fire (1974), eta Amerikako programa espazialaren istorio bat, Liftoff (1988), besteak beste.