Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizakion muskulu-sistema.

Muskulu-sistema animalien sistema biologiko bat da, muskuluek eta tendoiek osatzen dutena eta gorputzaren mugimenduak egiten laguntzen duena. Muskuluen mugimendua nerbio-sistemaren bidez kontrolatzen da. Muskuluak mugitu egiten dira haiek osatzen dituzten ehun-izpi edo zuntzek uzkurtzeko gaitasuna dutelako; ehun-izpiak luzaxkak dira, hainbat nukleo dituzte eta luzatu eta uzkurtu daitezkeen zuntzez osatuta daude.

Muskuluek duten beste betekizun edo funtzio bat beroa sortzea da eta gorputzaren tenperatura 37 °C inguruan mantentzea da. Muskulu ildaskatuak dira betekizun hori dutenak.

Giza gorputzaren kasuan, 600 muskulutik gora ditugu.

Muskulu-motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakion eta gainontzeko ugaztun gehienen muskulu-sisteman hiru muskulu-mota bereiz daitezke:

Hiru muskulu-motak.


  • Muskulu eskeletikoak: hezurrei lotuta daudenak. Nahita mugitu ditzakegu, gorputzaren mugimenduak bideratzeko. Muskulu ildaskatuak dira (ildaska edo izpi itxurako zuntzez osatuak). Muskulu hauek muturrak hezurretara lotuta daude tendoien bitartez; horrela, muskulu hauek uzkurtzen edo gogortzen ditugunean, hezurra mugitu egiten da hezurren arteko giltzaduraren bitartez. Muskulu eskeletikoek, hezurdurarekin batera, lokomozio-aparatua osatzen dute.


  • Muskulu lisoak: barne-organo batzuetan (giltzurrunak, zainak, hesteak, urdaila, maskuria, etab.) aurkitzen direnak. Ezin ditugu nahita mugitu. Muskulu hauek nerio-sistemaren bidez uzkurtzen direnean, organo horiek barruan dutena mugi daiteke. Muskulu lisoak arnasbideetan eta larru-azalean ere baditugu.


  • Muskulu kardiakoa: bihotzeko paretak osatzen dituen muskulu ildaskatua da. Mugitu egiten da, odola ponpatzeko, baina bere kasa mugitzen da, ezin dugu mugitu edo erlaxatu gure nahiaren arabera.


Mugimenduko funtzioaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskuluak sailkatzeko beste modu bat mugimenduetan duten funtzioen araberakoa da. Izan ere, gorputz atalak mugitu ahal izateko, muskuluak uzkurtu eta laxatu egin behar izaten dira; baina mugimendua ez da gertatzen muskulu bakar baten bidez, hainbat muskulu mugitzen baitira aldi berean horretarako. Hortaz, mugimenduan duten parte hartzearen arabera, honako muskuluak daude:


  • Muskulu agonistak: mugimendua eragiteko uzkurtzen direnak eta, beraz, mugimendua egiteko behar den indarra ematen dutenak.
  • Muskulu antagonistak: muskulu agonisten mugimenduaren kontrakoa egiten dutenak (muskulu agonista uzkurtzen bada, muskulu antagonistak laxatu egiten dira).
  • Muskulu sinergistak: agonistei mugimendua egiten laguntzen dietenak, hori izan gabe haien funtzio nagusia.


Adibidez, belaunaren flexioan, adibidez, agonistak uzkurtuta egongo diren iskiotibialak dira (izterraren atzealdeko muskuluak); antagonista, berriz, koadrizepsa izaten da, luzatuta eta erlaxatuta egoten baita, baina nolabaiteko tentsioarekin, gehiegi ez luzatzeko; eta sinergistak abduktoreak dira, bigarren mailako funtzioetako bat belauna malgutzea baita.

Hortaz, gorputzaren mugimenduak ekintza konplexuak dira: hainbat muskuluk parte hartu behar izaten dute, bakoitzak bere funtzioarekin, nahiz haietako bat izan mugimendua eragiten duen muskulu nagusia.