Wikipedia, Entziklopedia askea
Uzta-makina bat garagar-soro batean.

Nekazaritza intentsiboa nekazaritza-mota bat da, lurrari ahalik eta etekinik edo produktibitaterik handiena atera nahi diona; nekazaritza-mota honek lur-azalera ez oso handiak erabiltzen ditu, baina uzta oparoak lortzen ditu; horretarako, inbertsio handiak egiten dira, energia asko (erregaiak eta elektrizitatea) kontsumitzen du, eta ureztatze-sistemak, ongarri kimikoak erabiltzen ditu produktibitatea handitzeko, pestizidak eta herbizidak erabiltzen ditu laboreak kaltetzen dituzten belar txarrak eta intsektu edo zomorroak hiltzeko, eta horregatik kalteak eragin ahal dizkio ingurumenari. Leku batzuetan, berotegi handiak erabiltzen dira, batez ere barazkietarako, urtean uzta bat baino gehiago edukitzeko.

Nekazaritza estentsiboaren kontrakoa da.

Nekazaritza intentsiboa asko zabaldu da munduan azken hamarkadetan, batez ere herrialderik aurreratuenetan, leku horietako janari-eskari handiari erantzun ahal izateko. Horren eraginez, gaur egun munduan ekoizten den janari gehiena nekazaritza mota honetatik ateratzen da.

Produktibitate gutxiko nekazaritza intentsiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bada nekazaritza intentsibo bat nekazaritza tradizionala praktikatzen den leku batzuetan, produktibitate gutxi lortzen duena. Intentsiboa da ez dituelako lu-zabalera handiak erabiltzen; baina, nekazaritza tradizionala izanik, ia ez du diru-inbertsiorik egiten, langile ugari erabiltzen ditu, mekanizazio gutxi (lan gehiena eskuz egiten baita) eta produktu kimikoak ere gutxi; ondorioz, uzta mugatuak lortzen ditu. Horrelakoa da, adibidez, Asiako leku askotan arroza ekoizten duen nekazaritza.

Zer alde on ditu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza intentsiboak produktibitate handiagoa lortzen duenez, janari-iturri egonkorra ziurtatzen du, lur gutxiago erabiliz.

Teknologiaren eta mekanizazioaren bidez, laneskua (nekazaritzan diharduten langileen kopurua) gutxitzen da eta lanesku hori industriaren sektorera joan daiteke, herrialdeen garapen industriala ahalbidetuz.

Produkzio handiari esker, hainbat produktu (barazkiak eta fruituak batez ere) merkeagoak dira eta hori onuragarria da jende askorentzat.

Eta zer alde txar?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza mota honek ur eta energia asko behar izaten du nekazaritza tradizionalak baino, eta hori kaltegarria da ingurumenaren ikuspuntutik. Gainera, pestizida eta plagiziden erabilerak ondorio okerrak izan ditzake ingurumenean toxikoak direlako; gainera, gehiegizko erabileraren eraginez, izurriak erresistente bihur daitezke horiekiko eta zailagoak izan daitezke desagertarazteko.