Wikipedia, Entziklopedia askea

Nekazaritza jasangarri

Eduki-taula

Nekazaritza jasangarria edo Nekazaritza iraunkorra elikagaiak eta baliabide naturalak modu jasangarrian ekoizten dituen nekazaritza mota da, hau da, ekosistemen mugak eta indarberritze gaitasuna errespetatuz.

Nekazaritza jasangarriko baratzea

Sistema honen helburua ez da epe laburrean emankorra izatea bakarrik, epe luzera ingurumena eta osasuna ere zaintzea baizik.

1907an aipatu zen nekazaritza jasangarria lehen aldiz, Franklin H. King estatubatuarraren Farmes of Forty Centuries liburuan. Bertan, nekazaritza mota honen abantailak azaldu zituen, eta etorkizunean nekazaritzarako ezinbestekoak izango zirela adierazi zuen. Terminoa 1980ko hamarkadaren amaieran egin zen ezaguna.

Nekazaritza jasangarriak ezinbesteko lau oinarri ditu: emankortasuna, bideragarritasun ekonomikoa, zuzentasun soziala eta ingurumenaren babesa. Oinarri hauen helburua nekazaritza-ekoizpena eraginkorra eta gizarte osoarentzat onuragarria izatea da.

Nekazaritza jasangarriaren helburu nagusietako bat munduko biztanle guztien elikadura-segurtasuna bermatzea da. Honek esan nahi du gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko behar beste elikagai ekoitzi behar dela, baliabide naturalak agortu gabe eta ingurumenari kalterik egin gabe. Horretarako, ingurumena gutxiago kaltetzen duten ekoizpen-teknika eraginkorragoak erabiltzea bultzatzen dituzte.

Nekazaritza jasangarriaren funtsezko tekniketako bat labore-txandaketa da, hau da, lursail bakar batean txandaka landare ezberdinak landatzea. Honi esker, lurraren emankortasuna ez da galtzen, ez da izurririk eta gaixotasun espezifikorik pilatzen eta ez dago ingurumenarentzat kaltegarriak diren produktu kimikoak erabiltzeko hanbesteko beharrik.

Beste kontu garrantzitsu bat ongarrien eta pestiziden erabilera arduratsua da. Nekazaritza jasangarrian, ahalik eta gutxien erabiltzen dira, eta ahal izanez gero, ekosistemari kalte gutxiago egiten dieten metodo naturalagoak erabiltzen dira haien ordez. Gainera, bertako inguruneari egokituta dauden landareak landatzen dira ahal izanez gero, klima-baldintza txarrei aurre egiten hobeak direlako eta genetikoki eraldatutako barietateak ez erabiltzearren.

Nekazaritza jasangarrian garrantzi handia du baita ere baliabide naturalak (hala nola lurra, ura, eta biodibertsitatea) babestu eta zaintzeak. Ez da baliabide naturalen gehiegizko ustiapenik egiten eta datozen belaunaldiei baliabide hauen kalitatea eta eskuragarritasuna bermatzen dizkien nekazaritza-metodoak erabiltzen dira.

Jasangarritasun ekonomikoa ere funtsezkoa da nekazaritza mota honetan. Nekazari jasangarrien helburua epe luzera diru-sarrera egoki eta egonkorrak izatea da, beren ustiategiek epe luzean jarraitu ahal izateko martxan. Horretarako, nekazaritza-jardueren dibertsifikazioa, tokian tokiko merkatuetan parte hartzea eta ekoizleen arteko lankidetza-sareak sortzea sustatzen dira.

Gainera, zuzentasun soziala ere bada nekazaritza jasangarriaren helburuetako bat. Honek esan nahi du elikakateko pertsona guztiek, nekazariak eta kontsumitzaileak barne, tratu zuzena eta bidezko onurak jaso beharko lituzketela. Hau lan-eskubideak errespetatuz, komunitateek bertako erabakietan parte hartuz eta guztiok baliabide eta aukera berdinak izateko aukera edukiz beteko litzateke.

Nekazaritza jasangarrian, elikagaiak ekoizteaz gain, beste produktu batzuk ere ekoitzi daitezke. Adibidez, bioerregaiak edo material jasangarriak ekoizteko erabiltzen diren landareak landatzen dira, erregai fosilekiko eta material berriztaezinekiko mendekotasuna murrizteko.

Kontuan izan behar da baita ere nekazaritza jasangarria ez dela sistema finko bat; etengabe aldatzen ari da gizartearen eta ingurumenaren beharretara egokitzeko. Teknologiaren eta zientziaren aurrerapenak ere garrantzitsuak dira nekazaritza jasangarrian erabiltzen diren teknikak etengabe hobetzen jarraitu ahal izateko.

Laburbilduz, nekazaritza jasangarria arduraz egiten den nekazaritza mota da, eta haren helburua elikagaiak eta baliabide naturalak bidezkoa den modu batean eta ingurumena zainduz ekoiztea da. Ondo pentsatutako teknika eta erabakien bidez, ekosistemak zaintzea eta datozen belaunaldiek guk ditugun onura berberak izan ahal izatea du helburu. Nekazaritza jasangarria ezinbestekoa da elikadura-segurtasunari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta baliabide naturalak kontserbatzeko. Guztiok lagundu dezakegu nekazaritza mota hau bultzatzen, bai nekazari eta kontsumitzaileek, eta bai gobernu eta nazioarteko erakundeek.