Neurri-unitateak zehaztasunez neur daitezkeen magnitude fisiko guztiak adierazteko erabiltzen dira. Bi tokiren arteko distantzia, adibidez, kilometrotan neurtu eta adieraz daiteke. Ekintza jakin bat egiteko behar den denbora ere neur daiteke.
Magnitude bakoitzerako neurri-unitate asko daude, baina neurri-unitateak neurtu nahi denaren arabera egokitu behar dira beti: alegia, ezin da denbora kilogramotan neurtu, edo tenperatura litrotan. Hala ere, magnitude bakoitza neurri-unitate desberdinetan neur daiteke; adibidez, denbora ordu, minutu edo segundotan neur daiteke, besteak beste. Luzera, berriz, zentimetrotan, metrotan edo kilometrotan neur daiteke.
Kopuru bat neurtzeko, neurri-unitateak ez ezik, zenbakiak ere behar dira. Zenbakiek adierazten dute neurtzen ari garen horretan neurri-unitatea zenbat aldiz sartzen den. Adibidez, ate baten zabalera neurtzen bada, zentimetro deritzogun neurri-unitatea erabili ohi da, eta, kasu horretan, atea neurtzean esaten dugu neurri-unitatea zenbat aldiz sartzen den zabaleran: "Zabalera laurogeita sei zentimetrokoa da" esateak esan nahi du zentimetro bat 86 aldiz sartzen dela atean, alde batetik bestera. Kasu horretan, 86 cm idazten dugu.
Nola neurtzen zen antzina?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraganean, jendeak mundu guztiak ezagutzen dituen baliabideak erabiltzen zituen: adibidez, distantziak neurtzeko, oinez ibiltzen ziren eta beren "pausoak" kontatzen zituzten. Nekazariek beren soroen tamaina "anegatan" neurtzen zuten, jaso zezaketen zereal kopurua kontuan hartuta. Aizkolarien lehiaketetan, zuhaitz-enborrak kanatan neurtzen dira, metroa baino zerbait laburragoa den neurrian. Haurrek, gaur egun ere, distantzia laburrak neurtzen dituzte, oin bat bestearen aurrean jarriz eta "oinak" kontatuz.
Neurketa horiek, jakina, ez ziren zehatzak, eta sarritan eztabaidak sortzen zituzten. Horregatik, neurri-unitate zehatzagoak ezartzen saiatu ziren, mundu guztiak onartuak. Sarritan, ezarritako neurriak udalean azaltzen ziren, denek ikusi eta alderatu ahal izateko. Hala ere, denbora luzez luzera ezberdinak ere egon ziren, tokian tokikoak.
Nola neurtzen dugu gaur egun?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neurketak konparagarriak izan daitezen, neurri-unitateen arteko baliokidetasunak zehatz-emehatz definituta daude. Adibidez, ordubete 60 minutu da, eta kilogramo bat 1.000 gramo. Baliokidetasun horiek "Nazioarteko Unitate Sistema" izenekoan erabaki ziren.
1790ean, Frantziako Zientzien Akademiak pisu eta neurri sistema uniforme bat diseinatzeko enkargua jaso zuen. Gaur egun, Nazioarteko Unitate Sistema hori Europako herrialde gehienetan erabiltzen da. Sistema horretan, magnitude guztiek oinarrizko zazpi unitate baino ez dituzte. "Oinarrizko unitateak" dira:
- Luzerarako, metroa
- Pisurako, kilogramoa
- Denborarako, segundoa
- Korronteentzat, anperea
- Tenperaturarako, Kelvin
- Atomo edo molekula kopuruetarako, mola
- Argi-intentsitaterako, Kandela