Panamako Kanala Erdialdeko Amerika zeharkatu eta ozeano Atlantikoa eta ozeano Barea lotzen dituen kanala da. Panaman dago eta 80 kilometro baino gehiago ditu.
Kanal honi esker, itsasontziak Amerikako beste aldera denbora laburrean hel daitezke eta horrela ez dute Hego Amerikako puntaraino jaitsi behar eta berriz iparralderantz bueltatu; izan ere, kanala eraiki baino lehen, itsasontziek bide luze hori egin behar izaten zuten eta horrek 15.000 kilometroko bidaia egin behar izatea esan nahi zuen. Panamako kanala, Suezko kanalaz gain, munduko kanalik garrantzitsuena da.
Amerikaren aurkikuntzaren ondoren, lehen espainiarrak 1500. urte inguruan heldu ziren inguru horretara. Konturatu ziren ozeano Barea oso hurbil zegoela ozeano Atlantiko aldeko kostaldetik, baina, oihana tartean egonda, oso zaila zela bertara heltzeko bidea. XIX. mendean trenbidea eraiki zen. Kanala 1905. urtean hasi zen egiten eta 1914. urtean amaitu zen; beraz, 100 urtetik gora ditu.
Urtero 14.300 itsasontzik baino gehiagok erabiltzen dute kanal hau. 2016. urtean handitu eta sakondu egin zuten. Ordutik aurrera, gaur egungo itsasontzi handiak ere igaro daitezke kanaletik, esaterako, 14.000 edukiontzi handiraino daramatzaten itsasontzi erraldoiak.
Itsasontzi batek 10 ordu inguru igarotzen ditu kanala zeharkatzen. Baina, sarritan, hainbat ordu itxaron behar izaten dute kanalean sartu ahal izateko: kanalak toki estu batzuk ditu eta toki horietan itsasontzi bat baino ez da sartzen. Hori dela-eta, toki estu horietatik igaro ahal izateko txanda itxaron behar izaten dute. Bestalde, itsasontziek oso aurretiaz esan behar izaten dute kanala noiz nahi duten zeharkatu. Gainera, kanala erabiltzearren ordaindu egin behar dute, eta ontziaren neurrien arabera prezio hori 250.000 eurora artekoa izan daiteke.
Norena da kanala?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanala eraikitzen saiatu ziren lehenak frantsesak izan ziren. Lanak 1881ean hasi ziren baina 10 bat urte geroago gelditu beharra izan zuten. Akats asko egin zituzten, esaterako ez zuten uhaterik (kanal zati desberdinen arteko ateak) erabili nahi, itsasontziak azkar igarotzeko kanaletik. Baina, horretarako, kanal askoz sakonagoa egin behar izango zuten.
Gainera, ez zituzten oihaneko arriskuak kontuan izan: 20.000 langiletik gora hil ziren, batez ere malaria moduko gaixotasunengatik. Bestalde, 800.000 frantsesetik gorak ipini zuten kanala eraikitzeko dirua, aurrerago interes moduan dirua hartzeko asmoarekin, banketxeek egiten duten moduan. Baina lanak gelditu egin zirenez, inbertitu zutenek galdu egin zuten beren dirua.
1903an Estatu Batuek (AEB) inguru horretan eskua sartu zuten. Ordura arte, lur horiek Kolonbiakoak ziren, baina AEBek estatu independente bat sortu zuten: Panama. Gero, Panamarekin itun bat sinatu zuten eta, itun horren arabera, kanalen inguruan zeuden lurrak betiko izango ziren Estatu Batuenak. Azkenean, estatubatuarrek kanala amaitzea lortu zuten eta 1914an itsasontzi batek lehenengo aldiz lortu zuen kanala zeharkatzea.
Gerora, Panama kanalaren jabetza eskatzen hasi zen, eta 1999an kanala Panamarena izatera igaro zen.