Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pangolin

Eduki-taula

Pangolina.

Pangolinak animalia ugaztunak dira, gorputza kolore marroiko ezkatez estalia dutenak (ezkatak dituzten ugaztun bakarrak dira) eta Asia eta Afrikako hainbat eremu tropikaletan bizi direnak.

Tamaina desberdineko pangolinak daude: espezie txikienetakoek 30 eta 40 cm artean neurtzen dute, baina isats luzeagoa dute; pangolin erraldoiek, berriz, 75 eta 85 cm artean neurtzen dute, isats luzea ere badute eta 30 kg baino gehiagoko pisua izan dezakete.

Oso lotsatiak dira, eta ez dira ikusten errazak. Batez ere gauez egoten dira aktibo. Pangolin batzuek zuhaitzetan ematen dute denbora gehiena, baina beste batzuk, berriz, lehorrekoak dira. Euren mihi luze eta itsaskorrarekin harrapatzen dituzten inurri eta termitaz elikatzen dira batez ere. Ez dute hortzik eta aurreko atzapar zorrotzak erabiltzen dituzte inurri eta termiten habiak irekitzeko.

Pangolin izena malaysiar hizkuntzatik dator (peng-guling), eta «biribilkatzen dena» esan nahi du. Hain zuzen, mehatxatuta sentitzen direnean, pangolinak gorputza uzkurtu eta bolatxo bat egiten dira, ezkataz estalita ez dituzten gorputz-zatiak babesteko; pangolin amek gorputza kumearen inguruan biltzen dute arriskutik babesteko.