Wikipedia, Entziklopedia askea

Pirateria

Jack Sparrow pirataren argizarizko estatua.

Piratak itsasontziei erasotzen dieten kriminalak dira. Pirata ospetsuenek XVI. mende amaieratik XIX. mende hasierara arte nabigatu zuten zazpi itsasoetan zehar. Pirateriaren ohiko sinboloa garezur bat eta izterrezur gurutzatuak dituen bandera beltza da.

Jendeak piratei buruz dituen ideia asko abenturei eta lurperatutako altxorrei buruzko liburu eta filmetatik datoz. Istorio horietan benetako gertakariak eta asmatutako kontakizunak nahasten dira. Adibidez, Kidd kapitaina eta Bizarbeltz izeneko piratei buruzko istorio asko daude, baina horietako gehienak asmatuak dira. Hala ere, egia da pertsonaia horiek benetan existitu zirela eta piratak izan zirela.

Benetako piratek ontzi txiki eta azkarrak erabiltzen zituzten, horrela hobeto armatuta zeuden ontziei handiagoei ere eraso ahal izateko. Ezpataz eta pistolaz armaturik, piratak beste itsasontzira igotzen ziren. Ontziko karga lapurtzeaz gain, itsasontzia bera ere haientzat hartzen zuten. Ondoren, ontzi horiek saldu egiten zituzten edo ontzi pirata bihurtzen. Batzuetan, bidaiariak edo itsasontziko tripulazioa aske uzteko, erreskatea eskatzen zuten. Horrek esan nahi du dirua eskatzen zutela gatibuak askatzearen truke.

Pirata batzuek arau zorrotzak jartzen zituzten euren itsasontzietan. Adibidez, norbaitek beste gizon baten altxor zatia lapurtzen bazuen, heriotza zigorra jarri ahal zioten.  Pirata-ontzietan ezin ziren emakumeak sartu; hala ere, egon ziren zenbait emakume pirata. Horiek gizonez mozorrotzen ziren piraten tripulazioarekin bat egiteko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzina, Fenizia, Grezia eta Erromako piratek Mediterraneoko itsasontziak mehatxatzen zituzten. Duela mila urte inguru, Europako iparraldeko bikingo batzuek ere pirateria ekintzak egin zituzten.

Gaur egun, pirateria krimena da mundu osoan. Hala ere, noizbait, aspaldiko garaietan, pirateria-mota legal bat egon zen, kortsarioena. Kortsarioek jabetza pribatuko itsasontziak zeuzkaten eta gobernuaren baimena zuten herrialde etsaien zamaontziei erasotzeko. Kortsarioaren jabeek eta tripulazioak harrapatzen zutena beraientzat hartzen zuten.

XVI. mendean, espainiar itsasontzi askok altxorrak eraman zituzten Ameriketatik Europara, Karibe Itsasotik igarota; baina piratek eta Francis Drake moduko kortsarioek eraso egin zieten. XVI. mendeko Karibeko pirata horiek bukanero izenarekin ezagutzen ziren.

Mediterraneo itsasoan, pirata arriskutsuek Afrikako iparraldeko Berberiar kostaldeko herrialdeen babesa jasotzen zuten eta ondorioz, herrialde horiei pirata-estatuak deitu zitzaien. Britainia Handiko, Frantziako eta AEBetako armadek eremu horretako pirateria bukatuarazi zuten XIX. mendearen hasieran.

Pirata eta kortsarioak gutxituz joan ziren XIX. eta XX. mendeetan, baina oraindik ere existitzen dira. Adibidez, gaur egun ere gertatzen dira piraten erasoak Somaliako kostaldean eta Hego Txinako itsasoan. Pirata modernoek, ordea, ez dute pirata-ontzietan zazpi itsasoetan zehar nabigatzen. Aldiz, txalupa azkarrak eta kanoi-txalupa txikiak erabiliz, kostaldetik erasotzen diete beste ontziei.