Wikipedia, Entziklopedia askea

Bikingoak

Bikingoen papera egiten ari den aktore bat.

Bikingoak Erdi Aroan Eskandinavian (gaur egungo Norvegia, Suedia eta Danimarka aldeko lurretan) bizi ziren herri bat ziren; ezagunak dira Europako hainbat lurralderi eraso ziotelako (badirudi Euskal Herrira ere iritsi zirela). Izan ere, oso marinel trebeak ziren, eta drakkar izeneko itsasontzi oso onak eraikitzen zituzten, merkataritzan aritzeko edota, esan bezala, beste lurralde batzuei erasotzeko, batez ere Ipar Itsasoan eta Itsaso baltikoan; dena den, haien itsasontziak oso egokiak ziren ibaiadarretatik sartu eta ibaietatik ere nabigatzeko, eta, horrela, Paris hiriari erasotzera iritsi ziren, eta badirudi Mediterraneora ere iritsi zirela.

Zenbait herrialdetan, normandiar hitza erabiltzen zen haiek izendatzeko (iparraldekoak esan nahi du); eta, izan ere, haietako batzuk Europa hegoaldera migratu eta Normandiako erresuma sortu zuten, gaur egungo Frantzia iparraldean.

Haien itsas bidaia luzeetan, badirudi Ameriketara ere iritsi zirela, Ternuaraino zehazki, Kristobal Kolon bera baino lehenago.

Bikingoen esplorazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikingoak primerako esploratzaileak eta bidaiariak ziren. Barkuen bidez, Britainia Handira, Frantziara, Espainiara, Italiara eta Ipar Afrikara iritsi ziren.

Merkatariek bidaia luzeak egiten zituzten lurretik Errusian zehar, bai eta Konstantinoplaraino iritsi ere, hau da, gaur egungo Turkiaraino. Beste batzuek ekialderantz bidaiatu zuten, Bagdaderaino (Irak).

Esploratzaile ausart gutxi batzuek Islandia eta haratago bidaiak egin zituzten, Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta Ipar Amerikara iritsi arte.


Zerekin egiten zituzten salerosketak bikingoek?

Bikingoek Europa osoan egiten zuten merkataritza eta ekialderantz, eta Erdialdeko Asiaraino.

Ondasun eta materialak erosten zituzten, hala nola zilarra, zeta, espeziak, ardoa, bitxiak, beira eta zeramika.

Trukean, eztia, eztainua, garia, artilea, egurra, burdina, ilajea, larrua, arraina eta mortsa bolia saltzen zituzten. Edonora joanda ere, bikingoek esklaboak saldu nahiz erosten zituzten.

Merkatariek balantza tolesgarri bat eramaten zuten, eta horrekin txanponak pisatzen zituzten, bidezko tratua lortzen zutela ziurtatzeko.


Nola aurkitzen zuten bidea?

Ahal zen guztietan kostaldetik gertu nabigatzen zuten, erreferentzia-puntuak bilatuz.

Lurrik ikusten ez zutenean, eguzkiaz baliatzen ziren: mendebaldeak (eguzki-sartze aldera) Ingalaterrara zihoazela esan nahi zuen, ekialdeak (eguzkiaren irteera aldera), berriz, Danimarkara edo Norvegiara itzultzea.

Bikingoek beraien bidea aurkitzen laguntzeko eguzki-iparrorratz moduko bat asmatu zuten. Gauean, zerua ikusten zuten, eta izarren posizioa erabiltzen zuten nora abiatu behar zuten zehazteko.

Marinelek asko zekiten itsas haize eta korronteei buruz. Txoriei edo uraren koloreari begiratuz, eskarmentu handiko marinel batek erraz jakin zezakeen noiz zegoen lurra hurbil.


Nola dakigu itsasontzi bikingo edo drakkarrak zelakoak ziren?

Egurra usteldu egiten da eta metala herdoildu mila urte edo gehiago lurrean igaro ondoren, baina zenbait hondarrek bikingoen ontziak nolakoak ziren erakusten dute.

Arkeologoek bikingoen bi itsasontzi aurkitu zituzten Norvegian. Gokstadeko itsasontzia 1880an atera zuten landetxe bateko lurpetik. Osebergeko itsasontzia beste landetxe batean aurkitu zen 1904an.

Itsasontzi biak bikingoen hiletetan lurperatu zituzten K.a. 800 eta 900 artean. Gokstadeko itsasontziak 23 metroko luzera du. 32 arraunlarirentzako bezain handia zen eta alde bakoitzean 16 joaten ziren.

Itsasontzi horiek Osloko (Norvegia) museo batean daude. 1893an, Gokstadeko itsasontziaren kopia batek Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen, Norvegiatik Ameriketaraino.