Wikipedia, Entziklopedia askea

Seneka

Luzio Anneo Senekaren bustoa (El Prado museoa).

Luzio Anneo Seneka filosofo, olerkari, eta politikari erromatarra izan zen. K.a. 4. urte aldera jaio zen Kordoban, Hispanian (gaur egungo Espainian). Senekaren aita Seneka Zaharra izenaz ezagutzen zen idazlea izan zen, eta ama Helvia deitzen zen. Seneka Erroman maiz bizi izan zen. K.o. 65. urtean bere burua hil zuen.

Luzio Anneo oso gaztea zenean iritsi zen Erromara. Bertan erretorika ikasi eta filosofia aurkitu zuen, estoizismoa bereziki. Bere burua gabezian bizitzera behartu zuen, eta horrek kaltea egin zion bere osasunari. Sendatzeko Egiptora joan zen, bertako klima berarentzat ona izango zela esan ziotelako. Erromara bueltatzean (K.o. 31. urte aldean), karrera politiko bat hasi zuen kuestore moduan.

Klaudioren agintaldian, Seneka erbesteratu (Erromatik bota) egin zuten eta Korsikan bizi izan zen zortzi urtez (41-49). 49. urtean, Klaudio bere iloba Agripinarekin ezkondu zen. Agripinak Senekari deitu zion, Erromara itzultzeko eta bere seme Neronen tutorea izateko. Neron enperadore bihurtu zen 54. urtean, eta Senekak Erromatar Inperioa gobernatzen lagundu zion hurrengo bost urteetan. Geroago, Neron tirano bihurtu zen, eta Senekak haren gaineko kontrola galdu zuen. 65. urtean, Neronek bera hiltzeko konspirazio baten parte zela leporatu zion Senekari; seguraski Seneka errugabea zen, baina Neronek Seneka bere buruaz beste egitera behartu zuen.

Neron eta Seneka. Eduardo Barrónen eskultura (1904).

Senekaren obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senekak filosofian lan egin zuen, Neronen gortean bizi izan zen denboran. Gaur egun arte iraun duten testuak moralari buruzkoak dira. Garrantzitsuenak honako hauek dira: Bizitzaren laburtasunaz (49), Arimaren lasaitasunaz (53 edo 54), Jakintsuaren irmotasunaz (55), Bihozberatasunaz (56), Bizitza zoriontsuaz (58) eta Onurez (59-60). Horiez gain, Luziliorentzako Gutunak daude halaber. Senekak bere bizitzaren amaiera aldean idatzi zituen, eta haren jakinduriaren oinarria biltzen dute. Estilo grekoko bederatzi tragedia ere idatzi zituen, haien artean Troades, Medea, Fedra eta Edipo. Eta azkenik, tratatu zientifiko bat idatzi zuen baita ere, Gai naturalak izenekoa.

Senekaren estoizismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seneka estoizismo greziarrean oinarritu zen, benetako filosofia erromatar bat sortzeko. Estoiko guztiak bezala, “gure esku dagoena” (gure adimena) eta “gure esku ez dagoena” (gure patua edo halabeharra) bereizi egin zituen. Haren arabera, gizakiek beren zoriona arrazoiaren bidez aurkitu behar dute. Bere ustez arrazoiak gizakia animalien gainetik egotea eragiten du.

Senekaren arabera, filosofia bizitzaren zaurien aurkako sendagaia da. Pasio hondagarriak, batez ere haserrea eta pena, arrazoiaren bidez ezabatu edo leundu behar dira. Gizakiek jakinduria edo onura morala aurkitu behar zutela defendatzen zuen. Horretarako, zoritxarrak onartu eta ondasunak alde batera utzi behar dira. Heriotzari aurre egiteko gai izatea, pobrezian bizitzeko prest egotea eta aberastasuna modu egokian erabiltzea garrantzitsua iruditzen zitzaion. Eta, horrekin batera, bihozberatasunaren, adiskidetasunaren eta beste pertsonei laguntzearen garrantzia nabarmendu zuen.