Wikipedia, Entziklopedia askea

Sustrai

Zuhaitz baten sustraiak.

Sustraia normalean lur-azpian ezkutatuta dagoen landareen zati bat da. Sustraiek hainbat zeregin dituzte: landarea lurrean finkatu eta tente mantentzen dute, batetik; eta, bestetik, landareak behar dituen mantenugaiak eta ura lurretik xurgatu eta biltzen dituzte.

Bi sustrai mota nagusi daude: sustrai mamitsuak eta sustrai haritsuak. Sustrai mamitsua lurretik beherantz zuzenean sartzen den sustrai luze eta lodia da. Haren alboetan sustrai txikiagoak haz daitezke. Sustrai mamitsua duten landareetako bat azenarioa da. Sustrai haritsuak tamaina bereko sustrai txiki ugari izaten dira. Sustrai txiki horiek norabide askotan hazten dira zurtoinaren oinarritik. Belarrek dituzte sustrai haritsuak.

Landare batzuek lur gainean bota ditzakete sustraiak. Artoa, adibidez, sustraiak izan ditzake zurtoinean. Aireko sustraiak deitzen diren horiek landareari sostengatzen laguntzen diote.

Sustrai baten muturra txanoa deitzen da. Zelula berriak sortzen ditu, sustraiak hazteko gaitasuna izan dezan. Sustraia lur barrura bultzatzerakoan babesten duen zati gogorrago bat du. Sustraiaren puntaren gainean, sustraiaren kanpoaldean, dauden iletxoek ura eta mantenugaiak xurgatzen dituzte. Ura eta mantenugaiak azala deitzen den geruza batean zehar mugitzen dira sustraiaren erdiguneraino. Azalean landarearen elikagai gehigarriak ere biltzen ditu. Sustraiaren erdigunean, sustraian eta landarean zehar ura eta janaria daramaten ehunak daude.

Landare askoren sustraiak jan daitezke. Jatekoak diren sustrai horiei tuberkulu deitzen zaie. Mantenugaiez beterik daude, hala nola bitaminak, proteinak eta zuntza. Tuberkuluen artean honako hauek daude: azenarioak, erremolatxak, arbiak, errefauak eta patatak.

Sustraiak funtsezkoak dira landareentzat: hondatzen badira, landarea kaltetu edo hilko da. Sustraiak edo sustraien iletxoak mozten badira, landareak mantenugai nahikoak ez jasotzea gerta daiteke. Lehortzen diren sustraiek ezin dute ura berriro ere xurgatu. Lurra gogorregia bada, sustraiak ezin dira hazi.