Wikipedia, Entziklopedia askea

Termopiletako gudua

Eduki-taula

Termopiletako guduari buruzko margolana.

Termopiletako gudua K.a. 480 urtean gertatu zen, persiarrek |Grezia bigarren aldiz inbaditu zutenean. Gudua Espartako greziarren eta persiarren artean izan zen, mediar gerretan. Flota greziarrak, bestalde, gertu zegoen Artemesium lurmuturrean borrokatu zen persiarren itsas armadaren aurka. Gudu honetan, greziarren arteko milako gutxi batzuk, Espartako Leonidas erregearen agindupean, dozenaka edo ehunka mila persiarren aurka borrokatu ziren, Xerxesen agindupean.

Gudua Xerxes eta bere ejertzitoa Atenasera hurbiltzen ari zirenean gertatu zen. Termopilak pasabide estua da, 6 kilometroko luzerakoa eta espazio oso txikiarekin mendien eta itsasoaren artean. Bertan, greziarrek pasabidea blokeatu zuten eta persiarrek ezin izan zituzten Termopilak gurutzatu. Igarobide estu horretan persiarrek ezin izan zuten beren tropa-kopuru handia erabili. Egunak eman zituzten borrokatzen, baina hala ere ezin izan zituzten gurutzatu. Persiarrek traidore greziar batek beste bide bat erakutsi zienean bakarrik lortu zuten pasatzea, gutxiago zaindua zegoena.

Guduak famatua izaten jarraitu du, batez ere espartarren ausartasunarengatik. Greziarrak traizionatuak izan zirela jakin zuenean, Leonidas erregeak tropa greziar guztiak erretiratzea agindu zuen, bere 300 espartarrak izan ezik. Alde egin nahi ez zuten beste 700 soldadu beoziarrekin batera, persiarren aurka borrokatu zen denbora batez, azkenean denak hilda amaitu zuten arte.

Persiarrek Termopiletan irabazi zuten gugua, eta Greziako erdialdea konkistatu zuten, baina galera handiak jasan zituzten guduan, eta greziarren tropa eta itsasontzi gehienek Korintoko istmora ihes egitea lortu zuten, tropa greziar nagusiekin biltzeko. Gudu hau famatua izan zen historian eta literaturan, arrisku handi baten aurkako erresistentzia heroikoaren adibidea baitzen.

1939an, arkeologoek igarobidea ikertu zuten eta lantza eta gezi punta ugari aurkitu zituzten. Aurkikuntza hori kondairarekin bat zetorren, alegia, persiarren soldaduak hainbeste zirela non beren geziek eguzkia estaltzen zuten. 1955ean marmol eta brontzezko monumentu handi bat eraiki zen, gudua oroitzeko.