Txikipedia:Txantxar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txantxarra nerbioraino iritsi da.

Txantxar edo kariesa bakterioek hortzean egiten duten zuloa da. Txantxarrari konponbiderik ematen ez bazaio, zulo hori handitzen joango da pixkanaka. Dentistak konponduko du arazoa, zuloa material egokiaz estaliz.

Egunean hiru aldiz hortzak garbitzeak, gutxienez, txantxarrak izatea prebenitzen du.

Txantxarrak min handia egin dezake hortzaren muineraino iristean, hor nerbio bat egoten baita. Kasu horietan, txantxarra oso zabalduta egonez gero, hortza kentzeko beharra sor liteke. Izan ere, txantxarrari ez bazaio konponbidea garaiz ematen, ondorioak larriak izan daitezke.

Zerk sortzen du txantxarra?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Azukreak, batez ere. Bakterioek elikagaia behar dute garatzeko, eta azukreak indar handia ematen die. Bakterioek kaltetu egiten dute hortza, pixkanaka jan egiten baitute. Horregatik, oso garrantzitsua da hortzak ondo garbitzea.
  • Erretzeak ere eragin dezake txantxarra, tabakoak ahuldu egiten duelako bakterioen kontrako babesa.
  • Diabetesak ere sor dezake txantxarra.

Nola jakin txantxarra daukagun?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txantxarrak hondatutako hortza.

Hortz batean edo batzuetan mina izatean; adibidez, beroa edo hotza jasan ezin duenean, edo jatean mina ematean. Horrelako kasuetan, dentistarenera joatea da onena.
Bestela ere, urtean behin dentistarenera joatea komeni da.