Txinera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Txineraren dialektoen mapa.

Txinera hitza erabili ohi dugu Txinan duten hizkuntza estandarra –mandarinera deitzen dena— izendatzeko. 850 milioi lagunek hitz egiten dute Txinan mandarin-txineraz, baina beste hizkuntza txinatar askotan ere mintzo dira herrialde hartan; familia bereko hizkuntzak dira, baina maiz ez dira hiztunek elkar ulertzeko modukoak. Txinan dialektotzat dauzkate beste hizkuntza horiek, baina kantonerak ere, Guangdon-en (herrialdearen hegoaldean) hitz egiten den txinerak, badu bere forma estandarra, eta Hong Kong eta Macaoko hizkuntza ofizialetako bat da; 55 milioi lagun mintzo dira kantoneraz.

Mandarinerari denbora luzean Txinako goi-funtzionarioen hizkuntza izan zelako deitzen zaio hala; mandarin izena ematen zieten Mendebaldean goi-funtzionario haiei. XX. mendera arte, ordea, ez zen hasi herrialdeko biztanle gehienen hizkuntza izaten; hori eskolari eta komunikabideei esker lortu zen.

Txinako hizkuntzak txino-tibetar deritzon hizkuntza-familia batekoak dira. Gehienak hizkuntza tonalak dira; alegia, hitz bat zein tonutan ahoskatzen edo ebakitzen den, horren araberakoa du esanahia. Mandarinak lau tonu ditu, eta hitz batek esanahi desberdinak ditu tonuaren arabera, eta desberdin idazten da. Adibidez, “Ma” ahoskatzen den hitz batek, tonuaren arabera, “ama”, “izutu” edo “zaldi” adierazten du.

Txinerak Europako hizkuntzena baino askoz gramatika sinpleagoa du. Aditzak oinarrizko forman erabiltzen dira beti, eta ez dago iraganeko edo etorkizuneko aditz formarik. Adibidez, liburu bat erosi nuela esan nahi badut, honela esango dut: “Atzo nik liburua erosi”; eta bihar liburua erosiko dudala esateko, berriz, honela: “Bihar nik liburua erosi”.

Txineraren idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinak duela 3.000 urtetik ezagutzen du idazkera; gaur egun, idazkera berezi bat erabiltzen da txineraz idazteko: ez ditu letrak edo silabak adierazten, baizik eta ideiak; hori dela eta, "ideograma" deritze zeinuei. Adibidez, "上" ideogramak goia esan nahi du, eta "下" ideogramak, behea. Txinatar idazkera ez dagokio hizkuntza bakar bati; txinatar hizkuntzek hitz desberdinak dituzte ideia bera adierazteko, baina ideograma bera erabiltzen dute. Hartara, idatzitakoa Txina osoan uler daiteke, nahiz eta hiztunak hizkuntza edo dialekto txinatar desberdinetan mintzatu. Txinerak 50.000 ideograma baino gehiago ditu; horietatik, pertsona ikasi batek 10.000 inguru erabiltzen ditu; hizkera arruntean, ordea, jendeak 3.000 inguru baino ez ditu erabiltzen.

Mandarin-txinerak badu beste idazkera bat, Pinyin deritzona. Alfabeto latinoa darabilen idazkera bat da. Eskoletan erabiltzen da, ideogramak ahoskatzen ikasteko lagungarri, eta baita txinatar izenak Txinatik kanpoko hizkuntzetan idazteko ere; esate baterako, 长 ideogramak “Zhäng” deitura adierazten du.

Nolako soinua du txinerak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen duzu mandarin-txineraz hitz egiten ari den mutil baten bideoa:

Txinako Mandarin-txinera.