Udazkena Hudson ibaian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Udazkena Hudson ibaian
Jatorria
Sortzailea(k)Jasper Francis Cropsey
Sorrera-urtea1860
IzenburuaAutumn - On the Hudson River
MugimenduaHudson Ibaiaren Eskola
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta Margo-oihala
Dimentsioak151,8 (altuera) × 274,9 (zabalera) cm
Genero artistikoapaisaia margolaritza
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Kokapena
LekuaWashingtongo Arte Galeria Nazionala
BildumaWashingtongo Arte Galeria Nazionala
Inbentarioa1963.9.1

Udazkena Hudson ibaian (ingelesez: Autumn-on the Hudson River, 1860) Hudson Ibaiaren Eskolaren partaidea zen Jasper Francis Cropsey paisaia-margolari estatubatuarraren lana da. Olio mihise gaineko teknika erabilia egin zuen, 1860an. Egun Washingtongo Arte Galeria Nazionalean gordetzen da. Jasper F. Cropseyk Estatu Batuetako udazkenetako paisaien margolaririk onena izatearen ospea izan zuen bere garaian, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolan hau Jasper F. Cropseyk Britainia Handian 1856 eta 1863 urteen artean egindako bigarren egonaldian egin zen. Cropsey plein air pinturaren aldekoa izan arren, argi dago mihise hori buruz margotu zuela Londresko bere estudioan. Mihisea erakusteko prest egon zen 1860ko udan. Cropseyk liburuxkak banatu zituen, koadroak urri hilabetea irudikatzen zuela azalduz, arratsaldeko hiruretan gutxi gorabehera, egun bero batean.

Gainera, margolariak Hudson ibaiaren haraneko zuhaitz autoktonoen hostoekin egindako muntaia bat jarri zuen erakusketa-aretoan, mihisean erakutsitako kolorea gehiegikeria ez zela erakusteko, udazkeneko koloreak udazken ingelesekoak baino askoz biziagoak baitira Estatu Batuetako alde hartan.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolanaren zehaztasuna: ehiztariak eta txakurrak zuhaitz azpian atseden hartzen.

Olio-pintura mihise gainean da; 151,8 x 274,9 zm. ditu. Sinadura moduan, margolanaren beheko aldean, zera irakur daiteke: "Autumn, -on the Hudson River / J. F Cropsey / London 1860".

Margolan honetan, Cropseyk goi-puntu batetik jaso zuen paisaia, hegoekialderuntz, Hudson ibaira eta Storm King mendira (New York) begira (eskuinean). Lehen planoan, leku eguzkitsu bat dago, eta, handik, zuhaitzak alde banatan dituela, erreka txiki bat doa. Hiru ehiztari beren txakurrekin eguzkiaren argiari begira daude.

Errekan zehar, gizakiaren eta naturaren arteko bat-etortze harmonikoaren zantzuak daude: enbor-txabola txiki bat, ardiak, haurrak zubi batean jolasean, eta behi batzuk, patxadaz errekastotik ura edatera sartzen direnak. Hemen gizakia ez da konkistatzaile bat, ezta naturaren morroi bat ere: biak harmoniaz bizi dira.

Udazkeneko eszenak bizitzaren iheskortasunarekin lotu ohi diren bitartean, Cropseyren pintura hau Estatu Batuetako paisaiaren ospakizun pozgarri bat bezala ikus daiteke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Wilton, Andrew, Barringer, Tim; American Sublime, Landscape Painting in the U.S.; Princeton University Press; Princeton-2002; ISBN 0-691-09670-8, 137. or.
  2. Novak, Barbara et al.; Explorar el Edén. Paisaje americano del siglo XIX; Madril-2000: Fundación Colección Thyssen-Bornemisza; ISBN 84-88474-71-7, 114.or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]