Ferreta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ur-suil» orritik birbideratua)
Ferreta garraiatzen, ohi bezala buru gainean, burukotea lagungarri.
Suil-katilu edo zurubita ura ateratzeko

Ferreta edo ur-suila egurrezko edukiontzi bat da ura gorde garraiatzeko eta gordetzeko erabilia Euskal Herrian eta inguruko eskualdeetan, Pirinioetan zein Iberiar penintsulako oparraldean. Oinarria ahoa baino zabalagoa izan ohi du eta burdinazko edo letoizko uztaiak inguruan[1].

Erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturritik etxera ura garraiatzeko erabiltzen zen eta tokiaren arabera, beste era batzuetan ere deitzen zitzaion: suil, usula, perrada, edarra, errada... Errementari edo ferratzaileen lana izan ohi zen ontziari burdinak jartzea, hortik erlazionaturiko etimologiak (ferreta, perrada...)[2].

Gaztainondo zurezkoa izaten zen, hamar-hamabost milimetroko lodierako oholtxoz egina goialdean eta hemezortzikoz behealdean. Hogeita hamabi zentimetroko garaiera izaten zuen, beste hainbesteko diametroa, eta hogeita lau zentimetro izaten zituen ahoan. Burdina galbanizaturiko hiru uztaiez errebortxatua egoten zen eta hiru zerrenda horiei errautsez igurtziz ateratzen zitzaien distira.

Emakumeek buru gainean erabiltzen zuten burukote[3] edo kapetxa izeneko bigungarri batean ezarrita; hemezortzi bat zentimetroko diametroa izaten zuen eta erdian zuloa.

Suilaren edukierari ere suil esaten zaio, eta baita suiltara[1]. Ontzitik ura ateratzeko, beste tresna bat erabiltzen zen, katilutxo kirtendun bat, esaten zaiona perradako ontzia, suil-katilua edo zurubita. Ur-suila eta bere katilua bistan egon ohi ziren etxeetan, etxera zetorren edonori harrera egiteko ura eskaintzea gizabidezkoa zenez. Ontziaren metal parteak distiratsu zaintzen ziren, apain erakusteko tresna baitzen. Ur-suilaren uztaiak distiratsua edukitzea etxekoandrearen izen onari zegokion zerbait zen, ozpinez eta gatzez garbitzen ziren (etxean), edo azeri-buztanez eta harea-harriz errekan, edo iturrian bertan[4].

Hernaniko 19. mendeko urketariak, ur-suilekin

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).
  2. «suil - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-01).
  3. «Suila, ura garraiatzeko - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).
  4. «Ur-suila» Urola Kostako Hitza (Noiz kontsultatua: 2022-09-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]