Wikiproiektu:Idazlezainak/egitasmoari buruz

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aurrekariak[aldatu iturburu kodea]

Idazlezainak, Donostiako Liburutegien ekimena da. Proiektuaren aurrekaria 2016an dago. Urte horretan, Donostiaren Kultura Hiriburutza aprobetxatuz, Donostiapedia izeneko proiektuaren barruan, Haur eta Gazte literaturaren inguruko proiektua abiatu zuen Donostiako Haur Liburutegiak. Esperientzia horren arrakasta ikusita, 2017an proiektu hori haur literaturaz harago zabaltzea erabaki da, eta hala, Liburuzainak Wikipedian modu aktiboan lan egiteko proiektua sortu da. Inspirazioa Kataluniako liburutegietatik dator, izan ere, bertako liburuzainak oso aktiboak baitira Wikipedian eta badute idazleak babesean hartzeko egitasmo bat.

Parte hartzaileak[aldatu iturburu kodea]

Idazlezainak proiektuan Donostiako liburutegietako zenbait liburuzainek parte hartzen dute. Hainbat erakundeetatik datozen (Donostia Kultura, Koldo Mitxelena Kulturunea eta HABE Liburutegia) liburuzainak dira. Helburu batekin hasi ziren lanean: euskal egileei buruzko informazioa zabaldu eta ahalik eta hizkuntza gehienetan Wikipedietan jartzea. Gero, bigarren bat gehitu zioten: literatura unibertsaleko egileei buruzko informazioa euskaraz eskuragarri jartzea.


Donostiako Idazlezainak Wikipedian trebatzen. Literatura Unibertsaleko egileei buruzko artikuluak sortzeko prestatzen.

Idazlezain figura[aldatu iturburu kodea]

Idazlezainak hitz joko bat da, baina zentzuan esanahiarekin bete-betean asmatzen duela uste dugu. Euskaraz, liburuzain liburutegiaren kudeaketan arduratzen den pertsona izendatzeko erabiltzen den hitza da, liburu eta zain hitzen elkarketatik sortzen dena. Liburuzainak, beraz, liburuak “zaintzen” dituen pertsona da. Uste dugu liburuzainaren lana ez dela bakarrik liburuak zaintzea, baizik eta sortzaileak zaintzea ere bai, hori baita kultura gertakariaren iturburua. Bereziki, tokiko sortzaileak edo idazleak zaintzea ere bada liburuzainaren ardura, kultura eragile gisa. Idazlezainak, gure inguruko idazleak zaintzea du helburu, hau da, egilearen ikusgarritasuna handitzea, bere obra ezagutzera ematea eta euskarazko hizkuntza eremutik harago ematea. Horretarako, idazlezainek Wikipedian egiten dute lan, idazleen artikuluak sortzen, eguneratzen eta itzultzen eta literatura unibertsaleko egileen artikuluak euskaraz sortzen.

Helburuak[aldatu iturburu kodea]

Lau helburu nagusi ditugu:

  1. Euskal idazleen artikuluak Wikipedian sortzea, hobetzea, gaurkotzea eta ahalik eta hizkuntza gehienetan ematea.
  2. Liburutegi zerbitzuaren ikusgarritasuna areagotzea arlo digitalean.
  3. Liburuzainak arlo digitalean trebatzea.
  4. Literaturaren inguruko ikus-entzunezko ondarea zabaldu eta handitzea: liburu azalak, idazleen ahotsak...

Bazkide eta laguntzaileak[aldatu iturburu kodea]

Idazlezainak egitasmoan, Donostia Kulturarekin batera, erakunde ezberdin ugarik parte hartu dute. Bazkide garrantzitsuenak ondokoak lirateke:

  • Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
  • Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE)
  • Amical Wikipedia
  • Donostiako Udala - Euskara Zerbitzua

Parte hartu nahi duzu?[aldatu iturburu kodea]

  • Liburutegi batean lan egiten duzu eta proiektu honetan parte hartu nahi duzu, baina ez dakizu nola?
  • Literatur eta Wikipedia zalea zara eta parte hartu nahi zenuke?
  • Liburutegi bateko langilea/erabiltzailea zara eta zure udalerrian antzeko egitasmoren bat egitea nahi duzu?

Mesedez, jarri harremanetan Donostiako Liburutegiekin, Koldo Mitxelena Kulturunearekin edo HABE liburutegiarekin. Mila esker.