Wikiproiektu:Informatika/Sistema eragileak2

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Sistema eragileak, non kokatzen diren aplikazioaren eta hardwarearen artean.

Sistema eragilea software bat da eta programekin eta datuekin osatzen da. Sistema eragileak konputagailuaren hardwarea kudeatzen du, eta askotariko software aplikazioak efizientziaz exekutatzeko zerbitzu komunak eskaintzen ditu. Sistema eragileak hardwarearen gainean eta beste programa eta aplikazioen azpian egon behar du programa hauek ondo funtzionatu ahal izateko.

Sistema eragile baten oinarrizko helburuak eta ikuspuntuak bi dira, elkarren artean erlazionaturik badaude ere: batetik, programei eta programatzaileei makina-mailakoak baino funtzionalitate ahaltsuagoak eskaintzea, eta bestetik, baliabideen kudeaketa orekatua eta eraginkorra egitea. Lehen helburua sistema-deien bidez betetzen da, horretarako, sistema-dei horien kodea definitu behar da, baina hori egiterakoan baliabideen kudeaketa orekatua eta eraginkorra hartu behar da kontuan. Era berean, kudeaketa egokia ziurtatzeko sinkronizazio/komunikazioa eduki behar da kontuan.

Sistema eragilea beharrezkoa da erabiltzailea konputagailuarekin komunikatzeko. Hardwarearen funtsezko kudeaketa oso konplexua da, hori dela eta, sistema eragileak sistemaren ulermena eta erabilpena errazten du erabiltzailearentzat.

Makinaren zehaztasunak alde batera utziz, oro har, baliabideak kudeatzeko aukera eskaintzen duen softwarea da. Mota honetako softwarea, mikroprozesadoreak erabiltzen dituzten sistema gehienetan aurki dezakegu, hala nola, telefono mugikorretan, DVDak ikusteko sistemetan, konputagailuetan eta abarretan.

Sistema eragile motak[aldatu iturburu kodea]

Ataza bakarreko sistemak eta sistema multiatazak[aldatu iturburu kodea]

Ataza bakarreko sistemak programa bakarra eduki dezake martxan, aldiz sistema eragile multiatazak, programa bat baino gehiago exekuta ditzake momentu berean, hauek konkurrentzian exekutatuz. Hau denbora partekatzeari esker lor daiteke, prozesadorearen denbora prozesuen artean banatzean datza. Prozesu hauek, esleitu zaien denbora amaitzean etengo dira, horrela hainbat prozesu momentu berean exekutatzen direnaren sentsazioa lortuz. Geldialdi txiki hauek kontrolatzen duen azpiprozesu bat egongo da sisteman, honen helburua prozesu guztiak exekuzioan mantentzea izanik.

Erabiltzaile bakarreko sistemak eta sistema multierabiltzaileak[aldatu iturburu kodea]

Erabiltzaile bakarreko sistema eragileak ezin ditu erabiltzaileak desberdindu, baina multiataza baimendu dezake. Sistema multierabiltzaileetan hainbat erabiltzaile aldi berean konputagailu bera erabiltzean oinarritzen da.

Sistema banatuak[aldatu iturburu kodea]

Sistema banatuetarako sistema eragileak, konputagailu desberdinak maneiatzen ditu bakar bat izango balira bezala. Konputagailuen sareko garapenak, hau da, ordenagailuak elkarren artean lotuta eta komunikatuta egoteak, sistema banatuak ekarri zituen. Sistema banatuetan programak makina bat baino gehiagotan exekutatzen dira, eta konputagailuak kooperazioan lanean aritzen dira.