1982an sortua, lehen emanaldiak Irabarneko jauregitik eman zituen, harik eta 1985ean estudioak Mauleko plazan ezarri zituen arte.[1] 2000 urtean, berriz, handitzeko beharra izan zuten eta dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten. Xiberuak eraik beza botza! lelopean, Euskal Herriko zazpi probintzietan zehar kantaldiak egin zituzten, musutruk aritu ziren 250 artistaren kolaborazioarekin; Gara egunkariaren laguntzarekin ere Xiberotarsakkantüz diska atera zuten.[2] Kanpainaren emaitzarekin, 2000 urtean Victor Hugo karrikaren lehen solairua erosi zuten,[3] bi urte lehenago martxan zegoen Zinka ostatuaren gainean.[4] 2001ean sortutako Arrosa Irrati Sarearen partaidea ere bada.[5]
Hastapen batean euskaltzale eta ezkertiarrek eraiki zuten irrati librearen xedez, orduan monopolioa zuten Sud-Ouest, Miroir eta Radio France irratien bazterketa gainditzeko. Hortakoz ere irekia zen hizkuntza aldetik: euskaraz egitea lehentasuna zuen euskaldunentzat. Euskaraz ez zekiten laguntzaileentzat, berriz, irekia zen. 1986an Mendililia Irratia hasi zen Xiberoko Botzean parte hartzen ez zutenen eskutik. Geroztik arazorik gabeko Xiberoko berri eta euskal musikak hedatzen ditu Mendililiak. Aldiz, ikastola berri, AEK-k, CGT sindikatuak eta beste hainbat borroka eramaten duten taldeak Xiberoko Botza dute hedabide garrantzitsuena.[1]