Xingola urdina

Xingola urdina (lazo urdina deituraz ezagunagoa) indarkeria politikoaren eta ETAren kontrako ikur bat izan zen Hego Euskal Herrian eta Espainian, paparrean pin moduan eramatekoa eta diseinu orokor bat. Agustin Ibarrola artistaren diseinua izan zen,[1] eta ikurra Bakearen Aldeko Koordinakundeak plazaratu zuen, 1993an zehazki.[2] Urte hartako uztailean bahitu zuten Julio Iglesias Zamora enpresaria, eta Askatasuna leloaren A hizkiaren formagatik hautatu zuten lazoa sinbolo gisa, enpresaria askatzeko mobilizazioen erdian.[3][4][2] Urte horretan, 80.000 pertsona atera ziren kalera xingola urdina ikurtzat hartuta Donostian, ETAren bahiketaren kontra.[5] Gerora, beste talde batzuek ere erabili izan dute —PPk, adibidez—, batez ere, Espainian.[2]
Jose Maria Aldaiaren bahiketan (1995), berriz erakutsi ziren kaleetan xingola urdinak, ETAren ekintzen kontra protesta egiteko.[6] Hain zuzen, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko alkateordea izan zen ikur horren babesleetako bat ikurraren kontra oldartzen zirenen aurrean;[7] izan ere, Ezker Abertzaleak beste goiburu eta diseinu bat atera zuen xingola urdinari aurka jarria: "Euskal Herria askatu".[8]
ETAren aurkako ikur
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Xingola urdina ETAren kontrako gero eta talde gehiagok bere egin zuten, eta Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan heldu zen, segur aski, bere eraginaren gorenera (1997). 2000ko urteetan, PPk berriz heldu zion xingola urdinari, Madrilgo bere egoitzan haren irudi erraldoi bat erakutsiz eta Iñaki De Juana ETAko presoaren espetxeratze baldintzak arintzearen kontra, PSOEren Espainiako Gobernuak erabakia; PSOEko agintariek, bada, haiek ere xingola urdina soinean eramanez erantzun zuten.[9]
2007an, ETAk su-etena iragarri ostean, José Luis Rodríguez Zapatero elkarrizketak abiatu zituen euskal gatazkaren inguruan. Espainiako Alderdi Popularrak xingola urdina janzteko deia egin zuen, PSOEren politika antiterroristaren aurkako keinu gisa. Bakearen Aldeko Koordinakundeak gogor gaitzetsi zuen erabilera hura.[10]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Época espainiar aldizkariaren azalak hauxe dio: "Yo no me rindo", alegia, "Nik ez dut amore eman(go)".
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Guenaga, Aitor. (2007-03-11). «Un lazo contra ETA, un bucle contra el Gobierno» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2018-07-06).
- 1 2 3 Iruretagoiena, Hodei. «Xingola urdinen isiltasuna» Berria (kontsulta data: 2022-07-04).
- ↑ «Gesto por la Paz: Julio Iglesias Zamora, 1993» www.gesto.org (kontsulta data: 2025-11-13).
- ↑ «ETAren indarkeriaren aurkako ikur bilakatu zen lazo urdina» EITB 2021-11-10 (kontsulta data: 2022-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El lazo azul se convirtió en un símbolo contra la violencia de ETA» EITB 2021-11-10 (kontsulta data: 2022-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Fallece José María Aldaya, secuestrado por ETA en 1995 durante 341 días» ElHuffPost 2021-12-29 (kontsulta data: 2022-07-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Intxausti, Aurora. (1993-08-10). «Grupos pro-ETA replican a la campaña del lazo azul exigiendo a Iglesias "que pague"» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2022-07-04).
- ↑ Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU» Berria (kontsulta data: 2022-07-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Guerra de lazos azules» El País 2007-03-06 ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2022-07-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Press, Europa. «Gesto por la Paz pide respeto al significado del lazo azul y reclama que no se use en "campañas con fines muy distintos"» europapress.es (kontsulta data: 2025-11-26).