Yonaguniko Egiturak

Koordenatuak: 24°26′09″N 123°00′41″E / 24.4358°N 123.0114°E / 24.4358; 123.0114
Wikipedia, Entziklopedia askea
Yonaguniko Egiturak
Motaundersea landform (en) Itzuli, rock formation (en) Itzuli eta sasiarkeologia
Geografia
Map
Koordenatuak24°26′09″N 123°00′41″E / 24.4358°N 123.0114°E / 24.4358; 123.0114
Estatu burujabe Japonia
Japoniako prefekturak Okinawa
District of JapanYaeyama District
Town of JapanYonaguni
Ur-gorputzaOzeano Barea

Yonaguniko Egiturak (japonieraz: 与那国島海底地形 Yonaguni-jima Kaitei Chikei?) Japoniako Yonaguni uhartean 1985ean aurkitu ziren urpeko egituren multzoa da. Haien jatorria eztabaidapean dago. Egiturak Kihachirō Aratake urpekari japoniarrak aurkitu zituen ezustean. Egitura megalito bat da, azken glaziazioaren aurretik lurrazalean egondakoa; litekeena da haren eraikuntzan edo birmoldaketan gizakiak parte hartu izana.

Japoniarrek "monumentu" deitzen diete egitura hauei, eta haien jatorria zalantzazkoa da gaur egun ere. Hainbat geologo eta historialarik naturak egindakoak izan daitezkeela adierazi dute, baina hauen azalpenak zalantzazkotzat jo dituzte beste hainbat zientzialarik. Hauek argudiatzen dute gizakiak eraikitako egiturak direla, bere osotasunean edo zatiren batean behintzat. Bada aurkikuntza Mu elezaharretako kontinente galduko zibilizazioarekin lotu duenik, baina hipotesi honek ez du oinarri sendorik.

Turismoak arreta handia ipini die egitura hauei eta gaur egun uhartearen erakarle turistiko handienetakoa da.

Giza jatorriaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masaaki Kimuraren azterlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yonaguniko Egituren terraza nagusia.
Angelu zehatzak dituen arroka, Yonaguniko Egituren parte.

Lehen aurkikuntza eta gero, Ryūkyūko Unibertsitateko Masaaki Kimura doktoreak bere zientzialari-taldearekin batera aurkikuntza egiaztatu zuen. Kimura irakasleak eginiko ikerketaren arabera, antzinako egitura naturala noizbait gizakiak eraldatua edo birmoldatua izan zen. Gizakiak egitura hau lurrazalean birmoldatu behar izan zuela jakinik, lurralde hau azken aldiz lurrazalean duela hamar milurteko egon zela ondorioztatzen da, azken glaziazioaren amaierak itsasoaren maila ehun metro igo baitzuen, oso denbora-tarte laburrean. Garai hartan eraiki bazen egitura, Göbekli Tepe santutegiarekin batera ezagutzen den munduko egitura arkitektoniko zaharrena izango litzateke; Mesopotamia, Txina, Egipto edo Indiako egitura zaharrenetatik oso urrun.

Masaaki Kimurak haren teria sostengatzeko hainbat aztarna adierazgarri argitara atera zituen, horien artean 1,2 metroko altuera duen tunel itxurako egitura bat, zeinak oztopo oso esanguratsua jarriko zion, egitura lurrazalean zegoenean, kanpotik egiturara sartu nahi zuen orori. Bestalde, bi metro inguruko sakonerako bi zulo erabat borobil atzeman zituen ikerlariak arrokaren barnean, arrokaren gainerako zatiekin bat ez zetozenak, horregatik, zizelkatuak izan zirela pentsa daiteke. Kimuraren arabera, litekeena ura biltegiratzeko edota beste egitura bat eusteko oinarritzat baliatu izana. Egituraren albo batean harri obalatu bat aurki daiteke, itxuraz egiturarekin bat ez datorrena. Egituraren goialdeko muturra iparraldera begira dago, eta agian ordua jakiteko erabili zen. Gaur egun historialariek onartzen dutenaren arabera, duela hamabi edo hamahiru mila urte ez zegoenez metalezko tresnarik, egurrezko ziriak eta tresnak erabili behar izan zituzten garai hartako gizakiek, arroka modu garbian eta zehatzean mozteko.

Kimurak bere teoria indartzeko asmoarekin ondorengo argudioak eman ditu:[1]

  • Itxuraz bideak diren guneak daude arrokan eta ubideak, galtzada-harriak eta harlangaitz-hormak gogorarazten dituzten egiturak ugariak dira.
  • Hogei edo hogeita hamar zentimetrotan behin errepikatzen diren zulo lerrokatuak daude, ziriak bailitzan. Egitura horiek ezin izan dira higadura bidez sortu.
  • Egitura inguratzen duen arroka lau eta zuzena ezin izan da higadura arrunt bidez sortu.

Masaaki Kimuraren iritziz, egitura honek tenplu eta gaztelu bezala balio izan zuen antzina. Kimurak eta hark zuzendutako ikertaldeak eskalan eginiko eredu bat egin zuten eta hura behatzen egon eta hainbat aldiz egitura bertatik-bertara aztertzen egon ostean, ondorioztatu zuten egiturak Gusuku Yonaguniko eraikuntzarekin nolabaiteko antza zuela. Antzekotasun horien artean, zientzialariak terraza zabal ibilgarriak, egituraren mendebaldean kokaturiko ate baten aurrealdea izan daitekeen arkua eta sakonago dauden zuloak aipatu zituen. Horrez gain, egituraren goialdean beherantz zuzendutako irekiera bat dago, agian, hilobien adierazle dena. 1998an, hasieran, Kimurak egiturak bederatzi edo hamar mila urteko adina zuela adierazi zuen, itsas-mailaren igoerak urperatu zuela aintzat hartuta.[2] Alabaina, 2006an Urpeko Aurrien Ikertaldeak adierazi zuen lehen urpeko muinoak bi mila eta bost mila urte arteko adina zuela.[3] Bestalde, Kimurak bere datazioan egituraren barnean aurkitutako estalaktitak aintzat hartu ditu, zeinak gunea urperatu aurretik eratu behar izan ziren.[4] Beste datazio batzuen arabera, egiturak hamar mila urtetik gora ditu eta badira bi mila edo hiru mila urteko adina ematen diotenak ere. Datazio gehienak lurralde hori urpean noiz gelditu zen aintzakotzat hartzen dute.[5]

Schochen azterlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Graham Hancock idazleak Bostongo Unibertsitateko Robert Schoch geologoa Yonagunira etortzera gonbidatu zuen, haren iritzia eman zezan egituraren jatorriari buruz. Hasiera batean, Schochek argi esan zuen egitura jatorri naturalekoa zela eta hori esateko, arroka biziaz eginiko egitura bat dela eta bloke mihiztatuz eratua ez dagoela aintzat hartu zuen.[6] Alabaina, 1997ko irailean Schoch Japoniara iritsi zen eta irailaren 23 eta 24 artean Yonaguniko urpeko egiturak bisitatu zituen. Schochen iritziak aldaketak eduki zituen bisitaren ondoren, izan ere, jatorri naturalekoa zela babesten jarraitu zuen arren, gizakiek antzina nolabait eraldatu izana bideragarria zela adierazi zuen.[6] Ondorengoa adierazi zuen, hitzez hitz:[7]

« Ondoriotzat, Yonaguni monumentuaren nire atariko ikuskapenean oinarriturik, ez nago oraindik erabat konbentzituta egitura artifizial bat dela adierazteko - baina nire iritziz, nahiz eta nagusiki naturala izan, beharbada gizakiak eraldaketak egin zituen garai urrunetan. Egitura enigmatiko hauek azterketa xeheagoak eskatzen dituzte. »

—Robert Schoch


Teruaki Oshīren azterlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yonaguniko Egituretako terrazak.

Teruaki Oshiren arabera, egitura hauek azken glaziazioa baino lehenagokoak dira.[8] Geologo japoniarraren arabera, gizakiak lehenagotik zeuden zenbait egitura natural baliatu zituen bereak eraikitzeko, baina gerora kaltetuak izan ziren hainbat lurrikaren ondorioz. Aipatu beharra dago, Yonaguniko Egiturak faila teluriko baten alboan kokatzen direla. Geologo honen usteak egiazkoak badira, zibilizazio aurreratu eta antolamendu handiko bat existitu zen japoniar uhartean, guk ezagutzen ditugun lehen>tt<tt zibilizazioak baino lau edo bost milurteko lehenago. Ezin aipatu gabe utzi glaziazioaren aurretik Yonaguni Taiwan, Ryūkyū eta Japonia Asiarekin lotzen zituen zubi baten parte zela, itsas-maila garai haietan oraingoa baino askoz baxuagoa baitzen, gaur lurralde epelak direnetan izotz-egitura ikaragarriak baitzeuden, urtu egin zirenak.[9]

Antzinako zibilizazioaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yonaguniko eskailera itxurako harlauzak.

Kimura, Oshi eta beste hainbat ikerlarik egindako lanek bultzatuta, zientzialari eta ikerlari ugari erakarri ditu gaiak eta zenbaitek adierazi dute egitura hauek antzinako zibilizazio baten arrastoak izan daitezkeela. Ikerlari horien artean dago Graham Hancock bidaiari, ikerlari eta idazlea, "Zibilizazio Galduaren Bila" dokumentalaren egilea. Hancocken teoria eztabaidatuak dio Yonaguniko Egiturak antzinako zibilizazio galdu baten arrastoak direla, zeina azken glaziazioa baino lehenago existitu zen eta aurrerapen zientifiko-teknologiko handiak lortu zituen, mundu mailako esplorazioak burutzeaz gain.[2] Hancocken arabera, lehen zibilizazio horren amaiera azken glaziazioaren amaiera bortitzak, agian kometa baten talkak indartua, eragin zuen.[10] Lehen zibilizazio horren amaieratik bizirik irtendako gizakiek haien jakinduria ezagutzen ditugun lehen zibilizazioetan islatu zutela baieztatzen du Hacockek.[2] Ikerlariak Yonaguniko Egituretan zenbait zati berri atzeman ditu eta ehun eta berrogeita hamar baino urperatze gehiago egin ditu bertan.[11]

Ufologo eta ufologia munduan dihardutenek ere beraien iritzia adierazi dute zenbaitetan, haien esanetan, egitura hauek antzinako zibilizazio zientifikoki eta teknologikoki oso garatu baten aztarnak dira.[12] Zibilizazio hau sarritan Mu elezaharretako zibilizazio galduarekin lotu izan dute, zeina natura-hondamendi baten ondorioz desagertu zen zibilizazio aurreratu bat izan zen, Atlantisen parekoa, elezaharren arabera. Ufologia munduan eta zientzialari batzuen artean eztabaidatu izan da egitura hauek hiri-estatu baten modukoaren aztarnak izatea, eta Itsaso Barean zehar beste hainbat aztarnategi existitzea, antzinako inperio aurreratu eta zabal baten hondar gisa.[2][12] Sektore hauek Yonaguni behar bezala aztertu ez izana salatu dute eta lurpean aztarna edo egitura gehiago egon daitezkeela adierazi dute.[12]

Jatorri naturalaren teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiturak aztertu dituztenen artean badira jatorri naturaleko egiturak direla babesten duten zientzialariak ere. Horien artean esanguratsuenetako bat Robert Schoch da, zeinak onartzen duen gizakiak nolabaiteko esku-sartzea egin izana bideragarria dela, baina hein handi batean edo osotasunean egitura natural bat izatearen aukera posibleagotzat jotzen du. Haren esanetan, Yonaguniko Egiturek estratifikazio-plano paralelo ugari dituzte, ondo definituak. Gainera, haien geruzak erraz bereiz daitezkeela dio, betiere planoak zuzen jarraituz gero. Argazkiek ematen dituzten irudipenak engainakorrak izan daitezkeela ere adierazten du, egiturak estaltzen dituzten koral eta belakiek haren angelu eta zuzenak "perfekzionatzen" dituztelako. Bestalde, bertan ikusi izan diren karrakatzeak gizakiak idatzitakoak izan daitezkeela adierazi du, baina ezin dela baztertu arroketako ohiko karrakatzeak izatearen aukera. Yonaguni uhartean bertan, egitura horietatik ez oso urrun, antzeko egiturak badirela ere adierazi du Schoch geofisikariak. Horrez gain, egiturak dauden lurraldean lurrikarak ohikoak direla gogorarazi du eta lurrikara horiek arrokak era erregularrean ebakitzeko gaitasuna daukatela.[6][4]

John Anthony West zientzialariak ere jatorri naturalaren teoria babesten du.[13] Hegoaldeko Itsaso Bareko Unibertsitateko Geozientzia Ozeanikoen irakasle Patrick D. Nunnek xehetasun handiz aztertu ditu Yonaguniko Egiturak eta urazpiko egiturak Sanninudaiko arbel-itsaslabarrera iristen direla adierazi du, eta soilik eragile naturalek sortutako egiturak direla ondorioztatu du. Haren hitzetan, "ez dirudi artifizialak direla suposatzeko inolako arrazoirik dagoenik".[14] Sarritan esan izan da teoria honen babesleen artetik Ipar Irlandako Erraldoien Galtzada eta Shenandoah Parke Naturaleko (Virginia, AEB) Old Rag Mountain eskailera naturala Yonaguniko Egiturekin alderatu daitezkeela.[15]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «沖縄与那国海底遺跡博物館、海底遺跡の調査、遺跡様地形研究資料・第3» www.yonaguni.jp (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) Hancock, Graham; "Quest For The Lost Civilization" (1998).
  3. «Report» kimuramasaaki.sakura.ne.jp (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  4. a b (Ingelesez) «Japan's Ancient Underwater "Pyramid" Mystifies Scholars» National Geographic News 2007-09-19 (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  5. History's Mysteries: Japan's mysterious pyramids, History channel, Lehen denboraldia, zazpigarren atala.
  6. a b c «Yonaguni Enigmatic Underwater Monuments Robert M. Schoch» www.robertschoch.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  7. (Ingelesez) Greg. (2005-10-04). «News Briefs 04-10-2005» The Daily Grail (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  8. (Ingelesez) «Las Ruinas de Yonaguni» prezi.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  9. (Gaztelaniaz) Prieto, Gonzalo. (2017-06-12). «Así era el mapa del mundo en la última glaciación» Geografía Infinita (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  10. (Gaztelaniaz) «Más pruebas sobre el meteorito que acabó con 35 especies de grandes mamíferos» La Vanguardia 2019-10-29 (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  11. (Gaztelaniaz) Yonaguni. Las Pirámides Secretas de Japón. Documental. YouTube.
  12. a b c (Gaztelaniaz) La Misteriosa Ciudad Submarina de Yonaguni – Mundo Desconocido. (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  13. «John West Archived Colette M. Dowell Diving for Lemuria Circular Times with Robert M. Schoch» www.robertschoch.net (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  14. Nunn, Patrick D., 1955-. (2009). Vanished islands and hidden continents of the Pacific. University of Hawaiʹi Press ISBN 978-1-4416-1981-5. PMC 456566429. (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  15. (Ingelesez) A Hiker's Guide to the Geology of Old Rag Mountain, Shenandoah National Park, Virginia. US Geological Survey.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]