Edukira joan

Zalditegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zalditegi
Ukuilua eta eraikina

Zalditegia barruti itxi bat da, non, funtsean, zaldiak eta beste zamari batzuk egoten diren. Zaldiak babesteko nahiz elikatzeko eta garbitzeko erabiltzen da. Ukuilu berezitu bat da, azken batean, baina ukuilu edo gela/kutxen multzoa baino gehiago izan daiteke, instalazio multzo bat zaldiak hazteko, gordeta izateko, eta trebatzeko.

Hipodromoetan ere egoten dira zaldientzako ukuiluak, entrenamendurako eta lasterketen garaian bertan egoteko: paddock izenez dira ezagunak.

Erdi Aroan garapen handia izan zuten Europan, zaldiak erosi eta alokatu ahal izateko lekuak izanik, hirietan zein landa eremuan ezarri ziren.

Arkitektura aldetik ez ziren diseinu osagai nagusi bihurtu XVIII. mendearen erdialdera arte, zerbitzu hori behar zuten jauregi handiak eraiki zirenean Europa osoan.

Zalditegiek funtzio desberdinak izan ditzakete etxalde eta negozio gisa.

Haztegiak izan daitezke, behorrak ernaldu eta moxalak hazteko tokiak, kasu batzuetan oso berezituak lasterketarako animaliak hazteko. Espainiako Armadarentzako zaldiak hezten dituen halako antzeko bat da Lore Toki, Hernanin (Gipuzkoa), 1916an irekia. Bertan beste zaldi-hazle batzuei behorrak artifizialki ernaltzeko zerbitzua ere eskaintzen dute.[1]

Zaldi bat ibilketa-gurpil mekanizatuan, Arabako zalditegi batean.

Zaldientzako egoitza eta zaintzako tokiak izatea ere ohikoa da. Zaldi-jabe guztiek ez dute etxalde propioa eta zaintza osoa egiteko zerbitzurik, eta animalientzako "ostatua" baliatu behar dute. Ostatatze hau kudeatzeko modu desberdinak egoten dira: jabearen eta etxaldearen artean partekatua; jabearen esku egotea egoitzara joan eta zaldia han gobernatzea; zalditegiak lan guztiak hartzea...[2]

Zaldiak trebatzekoak zaldi-eskolak dira, zaldiketa ariketak egiten diren tokia, horretarako esparruak izaten dituztenak, batzuetan ikusleentzako tokiekin ere. Arroz-azalez, hareaz edo beste material bigun batzuez estalitako zorua egoten da esparru horietan, eta hipika jardueretarako badira, forma laukizuzen eta neurrietan arautua izan behar dute.

Zaldiak trebatzeko beste egitura bat, ibilketa gurpil mekanizatuak dira. Sistema hauek zaldiei ariketa gehigarria emateko erabiltzen dira, ez bakarrik lasterketetako animalietan, zalditegi bateko edozein zamarirentzako izan daitezke egokiak. Animalia berotzeko edo entrenamenduaren ondoren lehortzeko erabil daiteke. Horrez gain, animaliaren osasuna eta muskuluen hazkundea sustatzeko, edo zamarien eguneroko bizitzaren ongizatea zaintzeko erabil daitezke.

Zalditerapia edo hipoterapian berezitutako zalditegiak ere badira. zaldien bidezko laguntza terapeutikoa 1950eko eta 1960ko hamarkadatik erabili izan da batik bat, nahiz eta Antzinako Grezian ere ezagutu izan zen antzeko praktika[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Múgica, Ainhoa. (2021-05-17). «San Sebastián: La Yeguada militar desde dentro» El Diario Vasco (kontsulta data: 2024-10-22).
  2. (Ingelesez) «Keeping horses commercially» GOV.UK (kontsulta data: 2024-10-22).
  3. (Gaztelaniaz) «HAURRENTZAKO HIPOTERAPIA» Naiaras's Weblog 2009-02-23 (kontsulta data: 2020-12-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]